Baztan-Bidasoko ostalariek ahotsa altxatu eta sektorean errespetua eta jarrera ona sustatzeko kanpaina jarri zuten abian uda baino lehen. Eskualdean atzeman den arazoa ikustaraztea da helburua, eta bizikidetzan eta berdintasunean aitzin egitea; alegia, ostalaritzako langileekiko gertatzen diren errespetu faltak, liskar sexistak, homofoboak, klasistak eta arrazistak salatzea eta baztertzea. Ekimena Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak sustatu du, Baztan, Urdax-Urdazubi eta Zugarramurdiko udalen babesarekin, Malerreka eta Bortzirietako Mankomunitateen babesarekin, eta baita ANAPEHren babesekin ere.
“Kaixo eta mila esker” kanpainaren helburua, guttienez agurtzea eta eskerrak ematea da, tratu onen ikuspuntutik oinarrizko heziketaren printzipioa aintzat hartuta. Dagoeneko Baztan-Bidasoaldeko 21 ostalari atxiki dira kanpainara, euren establezimenduetan kartelak jarriz eta euren langileek soinean txapak eramanez. Momentuz, nahiz eta jendetsua izaten ari den uda, eskualdeko ostatuetara hurbildu den jendea atseginez aritu da, Belen Urrutia Elbeteko Posadako jabeak aipatu bezala. Kanpainaren informazioa ere partekatu dute bezeroekin eta euren babesa ere sentitu dute. Hemendik aitzinera honekin lanean segitzea espero dute, eta bertze motatako establezimenduak hona batzea.