“Genozidioari stop, Palestinarekin konpromisoa” lelopean, lanuzteak eta mobilizazioak Bidasoaldean ere

Aitor Errazkin 2025ko urr. 14a, 14:07

“Genozidioari stop, Palestinarekin konpromisoa” lelopean, lanuzteak eta mobilizazioak deitu dituzte, urriak 15, asteazken honetan Hego Euskal Herrian. Irunen, esaterako, manifestatzera deitu dute arratsaldeko 19:00etan, Irungo San Juan plazatik abiatuta. Iñaki Lopez de Luzuriaga, Gernika-Palestina plataformako kidearekin hitz egin dugu.

Bihar 11:00etatik 14:00etara Palestinaren alde deitutako lanuzteak egingo dituzte eskualdeko hainbat lantokietan. Eta 11:00etan mobilizazioak egingo dituzte. 12:30ean manifestazio nagusiak egingo dira Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Txandaka lan egiten dutenen kasuan, aldiz, lanuzteak 03:00-06:00 eta 19:00-22:00 artean deitu dituzte; eta 15:00etan lanaldia amaitzen dutenek 11:00etatik 15:00etara egingo dute.

Arratsaldean, 19:30ean, Gernika-Palestina plataformak mobilizazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko herrietan, sindikatu deitzaileen eta Palestinarekin elkartasunez antolatuko diren gainerako ekimenen babesarekin. Iruñean, mobilizazioa sindikatuek deitu dute 19:00etan Gazteluko plazatik abiatuta, eta Tuteran 12:00etan eta 20:00etan egingo dira mobilizazioak Foruen plazatik.

Ekimen hauek helburu dute Palestinako herriarekiko elkartasuna adieraztea eta Israelek, AEBen babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea. Era berean, Zisjordaniako kolonizazioa eta Gazako genozidioa amaitzea exijitzen dute, baita Israelekin harreman komertzial guztiak etetea eta Europar Batasuna–Israel Elkartze Hitzarmena bertan behera uztea ere.