Atzo «genozidio sionistaren aurrean agintarien erantzun epela» salatu zuten Bidasoaldeko eta Bortzirietako kaleetan

Koldo Nausia 2025eko urriaren 16a

Hego Euskal Herriko hiriburuetan 110.000 herritar mobilizatu eta gero, Irunen mila bidasotar bildu ziren Gernika-Palestina herri ekimenak "Genozidioari Stop, Palestinarekin konpromisoa" lelopean antolatutako manifestazioan. Beran egindakoan ere ehunka lagun elkartu ziren, eta kontzentrazioak egin zituzten Hondarribian eta Lesakan. Babesa eta mobilizazioari eusteko xedez, urriaren 23an (18:30) Palmera Montero gunean asanblada irekia deitu dute. 

Atzo goizeko 10:00etatik aurrera Hondarribiko aireportuko langileak, Irungo CAF lantegikoak, Salva enpresan, Txingudiko Zerbitzuetan, Endanean, Landetxako Tesa lantegian, eta beste hainbat enpresetako langileek kontzentrazioak egin zituzten Gazako genozidioa gelditzea exijitzeko. LAB sindikatuaren arabera, «elkartasun internazionalistaren uholde erraldoia» izan da.

Adrian Arruti, Bidasoko LABeko ordezkariak argitu duenez, industria eta zerbitzuen sektorean izan dute lanuzteek eragin gehien, eta lantegietan gaueko lehen txandatan hasi ondoren, goizeko 10:00etan eta 11:00etan enpresa atari askotan kontzentrazioak egin dituzte Bidasoaldeko langileek. 

Hezkuntzan ez zuen hainbesteko eraginik izan, oro har, salbuespen gisa sektore publiko zein pribatuan egindako greba egun osoko deialdiak. Hala ere, Irungo Pio Baroja institutua edo Plaiaundi lanbide heziketakoa itxita egon ziren, eta hainbat ikastetxeetan greba egin beharrean, irakasleek lanuzteak egin zituzten. Garraio publikoan, berriz, nabarmena izan zen eragina, eta bereziki Euskotren zerbitzuetan Hendaia-Lasarte/Oria linean lautik topo bakarra izan zen martxan, goizeko 6:03etatik 22:33etara. 

Mobilizazio jendetsuak

Hego Euskal Herriko hiriburuetan eguerdian egindako manifestazioetan 110.000 lagun (55.000 Bilbon, 22.000 Gasteizen, 18.000 Donostian eta 15.000 Iruñean) mobilizatzeaz gain, arratsaldean Gernika-Palestina herri ekimenak herriz-herri deitutakoetan ere nabarmena izan zen atzo herritarren erantzuna. "Genozidioari Stop, Palestinarekin konpromisoa" lelopean, Irungo San Juan plazatik abiatutako manifestazioak 1.000 lagun inguru bildu zituen Colon pasealekuan. Hondarribian, 20:00etan San Pedro kalean ere jende andana bat elkartu zen, eta berdin Bortzirietan ere. Lesakan Plaza Zaharrean elkarretaratzera deitu zuten bitartean, Beran ehunka lagun bildu ziren Frantxia Haltzuet plazatik abiatutako manifestazioan. 

Ehunka lagun bildu ziren Beran, Frantxia Haltzuet plazatik herriko etxera egindako manifestazioan.  

Irungo manifestazioaren bukaeran irakurritako manifestuan «genozidio sionistaren aurrean agintarien erantzun epela» salatu zuten. Eta bake negoziazioak martxan diren egunotan, hainbat hamarkadaz dirauen sufrimenduagatik azala urratua duten palestinarrak bezala, «zuhurtziaz jokatu beharra» dagoela gogoratu zuten. «Israel proiektu koloniala da, eta ongi dakigu sinatutakoa edozein momentuan apurtu dezakeela», ohartarazi zuten. 

Horregatik, palestinar herria babesteko mobilizazioari eusteko mila arrazoi daudela aldarrikatu zuten, «hildako haur bakoitzeko arrazoi bana». Eta herritarrei urriaren 23an Palmera Montero gunean (18:30ean) antolatu duten asanblada irekian parte hartzeko deialdia luzatu diete bidasotarrei.