Larunbatean prestatuko dituzte produktu ekologikoz hornitutako kutxak auzolanean, izan ere, «euskarak arnasa har dezan bertatik eta bertarako egiten dute lan» hizkuntza sustraitzeko lanetan ari diren eragileak, «hizkuntza ez dadin zimeldu».
Eskaerak ahal dela online egiteko eskatu dute errigora.eus helbidean. Hala ere, kanpainako eskuorriak dakarren inprimakiak betez ere egin ahal izango da. Horretarako, inprimakia herriko arduradunari eman beharko zaio. Eta behin eskaera eginda, azaro bukaeran edo abendu hasieran bildu beharko dira saskiak norberak eskatutako bere herriko bilgunean.
Gure eskualdean hainbat dira aukerak. Hondarribian saskiak Talaia ikastetxean banatuko dituzte, eta iragarri dutenez, azaroaren 24tik aurrera guneko arduraduna jarriko da harremanetan. Biriatuko Ikastolak, Hendaiako Gure Ikastolak eta Urruñako Ikastolak ere banaketa epe bertsuan egingo duten bitartean, Pausuko Xaia ostatuan ere jaso ahalko dira. Irunen, aldiz, AEK euskaltegian jaso beharko dira azaroaren 26tik abenduaren 5a bitartean.
Bortzirietan, berriz, Berako Kultur Etxean eta Lesakako Arrano ostatuan egingo dute banaketa azaroaren 20tik aurrera. Baita Igantziko bilgunean ere. Baina guneko arduraduna aldez aurretik harremanetan jarriko da.
Hiru saski ekologiko aukeran
Azken urteetan bezala, aurten ere hiru saski egongo dira eskuragarri udazkeneko kanpainan: saski beltza, produktu ekologikoz osatutako saski berdea, eta saski gorria. Hauen guztien salmentaren %25 Nafarroa erdia eta hegoaldeko euskalgintzara bideratuko da.
- Saski beltzak 60 euroko prezioa du eta honako produktuak daude: olioa, piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, teilak, mahats zukua, ardo beltza, ilarrak eta patxaran mantekatuak.
- Saski berdea produktu ekologikoz osatuta dago eta honako produktuak daude bertan: piperrak, olioa, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pata, tomatea, teilak, txokopipitak, sagar zukua, ozpina eta ardo beltz erdi ondua. 65 euroko prezioa du.
- Saski gorriak, berriz, 75 euroko prezioa du eta honako produktuak ditu barrenean: ardo beltza, ardo txuria, olioa, piperrak, zainzuriak, turroia, mantekadakak, polboroiak, argi gazta, txokolatezko molineritoak eta patxarana.