«Hemen ez dago gidaria; non dago?». Mezu hori zeraman duela 40 urte Mikel Zabalzaren desargerpena salatzeko Donostiako kaleak gurutzatu zituen autobusak, eta aldi berean, mezu hori darama bere hilketaren 40. urteurrenaren harira antolatutako autobus ibiltariak ere. 1985eko azaroaren 26an Guardia Zibilak atxilotu zuen Zabalza, eta 20 egun desagerturik eman ondotik abenduaren 15ean atera zuten bere gorpua Bidasoako uretatik.
Zabalzaren auzia ezagutarazteko, joan den azaroaren 26an abiatu zen Aezkoatik barrenean gertakariari buruzko erakusketa daraman autobusa. Euskal Herriaren zati bat zeharkatuko du heldu den abenduaren 14an Donostiako Bulebarrean bira-amaieraren ekitaldi nagusia eginen duten arte.

Aste honetan Bortzirietara ailegatu da. Hain zuzen, astelehenean Lesakan izan zen, eta astearte eta asteazkenean Bera izan du geltoki. Herritar ugari izan dira bisitan, baita ikastetxeetako ikasleak ere.
Omenaldia Endarlatsan
Mikel Zabalzaren atxiloketaren egunetik 20 egun pasatu ziren 1985eko abenduaren 15ean Bidasoako ur uherretatik bere gorpua atera zuten arte. Endarlatsan bota zuten ibaira bere gorpua, eta hala, haren auzia zabaltzeko prestaturiko autobus bira Bortzirietara ailegatzean bertan egin zuten omenaldia.
Bortzirietako herri ekimenak deituta, Zabalzaren senideekin batera herritar eta eskualdeko udal ordezkari aunitz bildu ziren Endarlatsako tunelaren parean joan den astelehenean, abenduaren 8an. Mikel Zabalza Gogoan plataformak antolatutako autobusa eskualdean zela aprobetxatuta egin zuten omenaldia. Ziur aski, bertaratu zirenetako batzuk ongi oroituko zuten duela 40 urte leku horretan bertan gertaturikoa eta sentiturikoa.
Nahia Senperrek aurkeztu zuen Endarlatsan egindako ekitaldia, eta Iñaki Egaña historialariak Mikel Zabalzaren auziari buruzkoa zalpenak eman zituen. Urte guzti hauetan errandakoa errepikatu zuten, eta erraterako, Zabalzak bere burua ibaira bota zuela zioen bertsio ofiziala gezurtatzeko azalpenak eman zituzten. Hiltzaileek izan duten inpunitatea salatu zuten egindako agerraldian.
Mikel Zabalzaren argazkia paratu zuten bere gorpua atera zuten tokian, eta Gaizka Sarasolaren doinuen laguntzarekin, lore eskaintza egin zuten bertan.
Lau egun autobus bira bukatzeko
Bortzirietan geldialdia eginda, oraindik ere abenduaren 14a bitarte zenbait herri zeharkatuko ditu Zabalzaren auziari buruzko autobus birak. Gaur, abenduak 11, Altzako Larratxoko plazan izanen da goizeko 11:00etatik 19:00etara. Bihar, abenduaren 12an, Zestoako plaza nagusian 12:00etatik 20:00etara, eta abenduaren 13an Orereta-Errenteriako Zumardian 13:00etatik 19:00etara.
Abenduaren 14an Donostiako Bulebarrean eginen zaio harrera autobusari, eta bira amaierako ekitaldi nagusia eginen da 12:30etan.
Autobus biraz gain, inguruko herrietan zenbait ekitaldi antolatu dituzte Zabalzaren auziarekin lotuta. Informazio guztia Mikel Zabalza Gogoan plataformaren webgunean aurki daiteke.
