Aulki hutsak betetzeko aldarriak Lesakan

Ekhiñe Zapiain 2025eko abenduaren 22a

Mahaiaren bueltan elkartzeko ohitura izaten da asteotan, eta horrelakoetan aulki hutsek zenbat okupatzen duten ederki dakite Lesakan. Urtero moduan, eguberrietan ere presoak etxean nahi dituztela aldarrikatuko dute hainbat hitzorduren bidez. Mattin Sarasola, Mikel San Sebastian eta Igor Portu lesakarrak atxilotu zituztela 18 urte beteko dira urtarrilaren 6an.

2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten Mattin Sarasola, Mikel San Sebastian eta Igor Portu lesakarrak. Ordutik, urtero-urtero antolatu izan ditu horien etxeratzea aldarrikatzeko hitzorduak Lesakako presoen aldeko mugimenduak, eta aurten ere kaleratu dute horiek iragartzeko afitxa.

Abenduaren 24an, elkartasun Olentzeroa eginen dute. Egun borobila izaten da herrian, Olentzero eta jaiotza lehiaketak egiten baitituzte Plaza Zaharrean goizean zehar. Urtero biltzen dira zenbait herritar elkartsun Olentzeroarekin kantuan.

Abenduaren 26an, hilabeteko azken ortzirala izaki, kontzentrazioa eginen dute ilunabarreko 20:00ean Plaza Zaharrean.

Abenduaren 31an, goizean, Bortzirietako elkartasun Sansilbestrea ospatuko dute herrian. Egun berean, ilunabarreko 19:00ean, Giza Katea osatuko dute herriko kaleetan, plazatik hasita.

Urtarrilaren 6an, atxiloketen urteurrenean, Etxeraino elkarretaratzea eginen dute 12:30ean Onin errekaren ertzean.

Urtarrilaren 10ean, azkenik, Sarek Bilbon deituriko mobilizaziora joateko deia luzatu dute.