Arrazoi ugari egon daitezke nekazaritza sektorean lanean hasteko, baina ez da beti erraza izaten. Bakarrik baino aiseago egiten da aitzinera elkarrekin, eta hala, gaiari buruz interesa dutenak biltzeko hainbat bilera ireki proposatu dituzte Baztan-Bidasoan. Azken urteotan Nafarroako Bertizarana-Bortziriak-Malerreka eta Mendialdean tokiko elikadura sistema indartu nahian ari dira bertako udalak Cederna Garalur Tokiko Ekintza Taldearekin kolaborazioan. Tokiko elikadura sistemen oinarria da elikagaien ekoizpena, eta eskualdean arlo horretan dituzten erronkei heldu nahi diete.
Izan ere, hainbat galderetatik abiatuta erabaki dute egitasmoa martxan jartzea. Hala adierazi dute zabaldu duten oharrean: «Ba al dago lehen sektorean aritu nahi duenik baina zailtasunen ondorioz lortu ezinik dabilenik? Zein dira horretan ari zaretenok dituzuen erronkak? Zertan izan ahal zaizue lagungarri tokiko elikadura sistemaren inguruan egiten ari garen lanketa? Zein formakuntza beharra duzue? Zerk lagundu ahal dizue ekoizten duzuena eskualdean bertan saltzen?».
Erantzunak topatzeko, eta elikagai ekoizpenari bultzada emateko, hitzordu ezberdinak proposatu dituzte hurrengo asteetan:
- Donezteben, udaletxean. Martxoaren 2an, asteartean, arratsaldeko 18tan.
- Arantzan, liburutegian. Martxoaren 5ean, ortzegunean, arratsaldeko 18tan.
- Zubietan, udaletxean. Martxoaren 13an, ortziralean, arratsaldeko 18tan.
- Lesakan, udaletxean. Martxoaren 14an, larunbatean, goizeko 10etan.
Bilera hauetara dei egin diete lehenengo sektorearekin edo elikagaien ekoizpenarekin nolabaiteko lotura dutenei edo interesa dutenei. Hurrena da landuko dutena: «Alde batetik, orain arte egin dugun lanaren berri emateko. Eta, bertzetik, izan profesionalki edo izan etxerako, sektorean aritzen zaretenen edo aritu nahiko zenuketenen egoera, interes, nahi eta beharrak entzuteko».
Edozein zalantza izanez gero kontaktu bat jarri dute eskuragai: bidasoa-elikadura@cederna.es edo 674 02 47 66.