Tikienen txanda izan da gaur: 'Zingar-arroltze' bila joan dira Beran, Lesakan 'arraultze-arraultze' ospatu dute eta Etxalartar gaztetxoenak 'urtzain-gizen' kantatuz atera dira eskean.
Zaldun inaute eguna Etxalarren
Igandean, otsailak 15,herriko kintoak bazkaltzera elkartuko dira Zaldun Inaute eguna dela eta.
Biharamunean, otsailak 16,ez da atsedenerako astirik izanen, goizean goiz, 08:00tan gazteenek gosaria izanen baitute, indarrak hartuta inguruko baserritan eskea egiteko.
Astearteko desfilearekin, otsailak 17, borobilduko dituzte inauteak, 14:00tan karrozak eta mozorroak erakutsiz. Ibilbidean jan-edana eskainiko dute.
Zakuzaharrak Lesakan
Lesakan, igande goizean, otsailak 15, giroa somatuko da baserrietan. Goitarrak Auzoberri, Endara, Zala, Katazpegi eta Nabazen barna ibiliko dira eskean eta dantzan, ilunabarrean iritsiko dira herrira.
Bien bitartean, herrian, zakuzahar tikiek hartuko dituzte kaleak lehenik. 17:00etan frontoitik abiatuko den kalejiraren konpainian. 18:00tan ITZAL erromeriak animatuko du arratsaldea, 19:00tan zakuzaharrak herriko pilotalekutik gogoz abiatzeko.
Astelehenean, otsailak 16, karrozen eta mozorroen kalejira izanen dute, eta asteartean, otsailak 17, Fraindarrek borobilduko dituzte inauteriak baserriz baserri eskean.
Inudeak eta Artzainak Beran
Igandean, otsailak 15, Eztegara pilotalekuan elkartuko dira Berako Inude eta Artzainak goizeko 10:00etan. Bertatik abiatuko dira musikarien konpartsaren konpainian. 14:00tan tripak asetzeko tartea izanen dute Zubiondo jatetxean, eta bazkalondoan, 18:00tan, berriz abiatuko dira Inude eta Artzainak Bidasoa karrikatik.
Hurrengo egunean, otsailak 16 herri osoan zehar jendea mozorrotuta ibiliko da harat-honatean. Andoni Ollokiegi izanen da arratsaldea girotzearen arduradun Toki-Onako estalpean.
Irudia: Maite Irizar