"Emakume* izateko 60 modu" irakurketa-gidaren 800 ale banatu dituzte Bortzirietan

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 3a

Martxoaren 8aren atarian Malerrekako, Baztango, Sakanako, Larraun, Leitza eta Ultzama aldeko Berdintasun eta Euskara zerbitzuekin elkarlanean prestatu eta argitaratutako gidak adinaren araberako 60 liburu proposamen egiten ditu. Denak euskaraz, emakumeek idatziak eta emakumeak protagonista dituzten tituluak dira. 

Martxoaren 8an Emakumearen Eguna dela eta, emakumeak protagonista dituzten liburuak biltzen dituen 800 gida banatu dituzte Bortzirietako ikastetxe, liburutegi, kultur etxe, liburu-denda eta hainbat leku publikoetan. Eta Euskara Mankomunitateak aditzera eman duenez, martxoaren 8aren inguruan antolatuko diren hainbat ekitalditan ere banatuko da papereko bertsioa. Baita inguruko eskualdeekin batera ekainera bitartean irakurzaletasuna sustatzeko herriz-herri antolatutako Literatur Geraldiak ekimenetan ere.

Horrez gain, bertsio digitala ere zabaltzen ari dira, Bortzirietan ez ezik, Malerrekako, Baztango, Sakanako, Larraun, Leitza eta Ultzama aldean ere, tokian tokiko Berdintasun eta Euskara Zerbitzuek elkarlanean prestatu eta argitaratutako gida hau. Guztira, 2.000 gida banatu dira doan.

Anne Baskaran ilustratzailearen irudiekin osatuta, gidak adinaren araberako irakurgaiak proposatzen ditu, denak euskaraz. Liburu berriak zein klasikoak daude, eta genero literarioari dagokionez, era guztietako liburuak daude, poesia, ipuinak, nobelak edota saiakerak.

Proiektuaren eramaileek nabarmendu dute, gida hau argitaratzearen helburua "berdintasunari lotutako balioak euskarazko kalitatezko liburuen bidez zabaltzea" dela. Alde horretatik, hautatutako liburuek hausnarketarako parada eman nahi diete adin guztietako irakurleei. Eta aldi berean, emakumeek bizi dituzten hainbat errealitate ezagutzeko aukera eskaini nahi du. 

Bortzirietara heldu bada ere, proiektuaren hazia Sakanako Euskara Zerbitzuak erein zuen. Bertako Castillo Suarezek azaldu duenez, garai batean egindako gida xumeago batetik eratorritako ekimena da. Sakanan emakumeak protagonista zituen 36 liburu hautatu zituzten gida edo zerrenda bat eskaintzeko. Eta nahigabean proiektua asmo handiagokoa bilakatu da. "Liburuxka hura Baztango bulego batean azaldu zen, eta lankidetzan zerbait egitea proposatu ziguten, baina gainerako eskualdeetako Euskara Zerbitzuekin ohitura dugu lan egiteko eta zabaltzen joan da", argitu du. Horri esker, mendialdeko eskualde guztietara iritsi da 2025ean ondutako "Emakume* izateko 60 modu" izeneko irakurketa-gida.