Gaur 50 urte bete dira Isidoro Fagoaga beratarra hil zenetik, mundu mailan ezagun egin zen tenor wagnertarra

Lizar Elexpuru 2026ko martxoaren 16a

 Historian zehar kasik ahanzturan geratu den musikariaren ibilbidea berreskuratzeko asmoz, German Ereñak, Fagoagaren biografia biltzen duen liburua ondu zuen: Isidoro Fagoaga. El Tenor Olvidado. Opera abeslaria zendu zenetik 50 urte pasa badira ere, jende anitzek gogoan dauka oraindik, batez ere Berako herriak.

German Ereña eibartarrak urte luzez ikertu du Isidoro Fagoagaren bizitza, historiaren itsaso zabalean ia murgildurik zegoen pertsonaia bat erreskatatzeko pausua eman zuen ondutako biografiarekin. Musikari beratarraren heriotzak 50 urte bete dituen egun honetan, Antxeta Irratiak Erañaren azalpenak jaso ditu, Isidoro Fagoagaren biografiaren zati bat ezagutarazteko haleburuarekin. 

Argentinara bidaia eta lehen harremanak operarekin

Beran, 1893ko apirilean jaio zen Isidoro Fagoaga Larratxe, Ilekueta auzoan. Beran bertan eduki zuen lehen kontaktua musikarekin. Elizako abesbatzan parte hartzeko frogak egitera animatu zen Isidoro gaztea, baina kanpoan utzi zuten ahotsa aldatzen ari zitzaiolako. Berako abesbatzatik kanpo utzi zuten mutiko nerabea, urte batzuk pasata, mundu mailako tenor wagneriano hoberenean bilakatu zen.

Fagoagaren osaba bat Argentinan bizi zen, eta hiloba osabarengana joan zen, lan bila. Bere bizitzako aldaketa nagusiena ailegatu zitzaion orduan. Isidorok lan egiten zuen bitartean, herriko kantuak abesten zituen, eta jendearen miresmena lortu zuen. Ingurukoen gomendioak kontuan hartuz, Buenos Aireseko teatrora kantatzera joaten hasi zen. 

Bertan, Florencio Constantino eta Titta Ruffo opera abeslariek beratarraren ahotsa aditu eta Italiara joateko gomendioa luzatu zioten. Fagoagak baiezkoa eman eta amets berrien atzetik bidaiatu zuen Italiar penintsulara.

Parmako kontserbatorioan kantua ikasten hasi zelarik, bere karrera profesionala forma hartzen hasi zen, baina Lehen Mundu Gerrak eztanda egin, eta Berara bueltatu zen, Agramontea baserrira. 

Madrilen ikasi eta tenor wagnertar onenetakoa bilakatu

Beran Barojatarrekin harremanak estutzeak lagundu zion Nafarroako Diputazioaren diru laguntza bat eskuratzen,  madrilera kantua ikastera joateko. Madrilgo antzoki nagusian debutatu zuen 1919. urtean. Hurrengo urtean Amaya operaren mundu mailako estreinuan parte hartu zuen Bilbon. Publiko jendetsuak ezagutu zituen Isidorok, batez ere Italian. Mediterraneorantz joan zen berriz zuzendari onenen batutapean kantatzeko asmotan, eta lortu zuen. Wagnerren operak abestu zituen gehein bat. 7 denboraldi bete zituen Milango La Scala antzokian. Segituan goi mailako tenore ospetsuenetako bat bilakatu zen Ilekueta auzoko baserritar xumea. 

Berako herritarrek ere aditu ahal izan zuten Isidoro Fagoagaren ahotsa, irrati uhinen bidez. Familiakoek mutikoaren bizipenak ezagutu zituzten, Isidorok gutun ugari bidali baitzituen jaioterrira. 

Idaztearen garrantzia

German Ereñak aipatu digu betidanik izan zuela idazteko  zaletasuna. Bere herrian Bidasoa aldizkarian idazten zuen. Kantua uztean hasi zen seriotasun gehiagorekin idazten. Naiz eta bere karrera profesionala musikara bideratu, German Ereñak aipatzen du idaztea zela gehien gustuko zuena. Euskal Herriko gai aunitzen inguruan idatzi zuen beratarrak.

Bigarren Mundu Gerra, antzokietatik urruntzea

“Abertzale handi” baten modura deskribatu du Isidoro Fagoaga German Ereñak. Poltizatuta zegoen beratarra, eta bere herria suntsituta ikustean karrera internazional ospetsuari uko egin zion. Gerra zibila amaituta, musikaria Donibane Lohizunen zegoen erbesteratuta. Alemanak ez ziren Lapurdira ailegatu oraindik. Hala ere,  espainiako frankistek lortu zuten frantziako gobernua presionatzea iparraldean bizi ziren euskaldun asko kontzentrazio esparruetara sartzeko. Isidoro Fagoagak hantxe pasa zuen hilabete oso bat. Zorionez lortu zuen amesgaizto hortatik ateratzea. Donostian hil zen 1976. urtean, 83 urterekin. Guarko egunarkin, duela justu 50 urte.