Bidasoa Itzuliaren 52. edizioak kilometro andana eginen ditu Baztan-Bidasoaldean

Paola Oskoz 2026ko maiatzaren 5a

Batzen gaituen (h)ura lelopean, maiatzaren 8tik 10era ospatuko da Bidasoa Itzuliaren 52. edizioa. Azken urteetan bezala, antolakuntza taldeak esfortzu berezia egin du ibilbidea Baztan, Malerreka eta Bortzirietako errepideetatik igarotzeko eta horrela, kilometro andana eginen ditu tropelak aurtengoan ere eskualde horietatik. Zehazki, bigarren etapa Arantzan hasi eta Etxalarko Lizarrietako lepoan bukatuko da, lasterketaren ikur bilakatu den Amaiurretik ere pasatuz. 

Bidasoa bere osotasunean igarotzen duen lasterketa da Bidasoa Itzulia, estatu mailako amateur mailako txirrindulari hoberenen topalekua. Aurten, zailtasunak izan baditu ere, aitzinera egin du antolakuntza taldeak eta maiatzaren 8tik 10era ospatuko da. Bazten gaituen (h)ura lelopean, Xorroxinetik Txingudira joanen da proba eta gainera, txirrindulari bidasotarren inoizko partehartzerik handiena izanen du. Errepideak ez ezik, Baztan-Bidasoaldeko lasterkariak izanen dira protagonista, eskualdeko zaleen gozamenerako. 

Maiatzaren 8an, erlojupeko batekin emanen diote hasiera Bidasoa Itzuliari. Guadalupeko santutegitik Jaizkibelera dauden 4 kilometroak gainditu beharko dituzte parte hartzaileek lehen egunetan, iazko lehen etapa bera errepikatuz. 

Maiatzaren 9an berriz, larunbatarekin, Nafarroatik igaroko da osoki bigarren etapa. Arantzako plazan hasi eta Lizarietan izanen du helmuga, 163,3 kilometroko osatu ondotik. Arantzatik Igantziko Bentetara joanen dira, handik Bera aldera. Zalain industrialdean buelta hartuta, Sunbillara abiatuko dira segidan. Doneztebe, Legasa, Narbarte, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Lekaroz, Elizondo, Elbete, Arizkungo Ordoki eta Amaiur izanen dira zeharkatu beharko dituzten hurrengo tokiak. Amaiurren buelta hartuta, Elbetetik Elizondora joanen dira, eta Lekaroztik eta Iruritatik pasatuta, Zigako mendatea igo beharko dute. Handik Anizera eta ondotik, Berroetara eta Almandozera joanen dira. Belateko mendatea igo beharko dute segidan, eta Ultzama aldean ibili ondotik, Orokietatik Saldiasera ailegatuko dira. Beintza-Labaiendik Urrozera eta handik Doneztebera joan beharko dute Etxalar aldera hartzeko. Etxalarren barna, Usategietatik pasatuz, Lizarietako lepoan bukatuko da etapa. Ordutegiari dagokionez, 12:00etan hasiko da Arantzan etapa, eta 16:00-16:30 aldera bukatu Lizarietan. 

Azkenik, maiatzaren 10ean, Hendaian hasi eta Irunen bukatuko da Bidasoa Itzuliaren ohiko etapa gogorra. Tartean, Bortzirietatik ere pasatuko dira txirrindulariak bigarren egunez segidan. Zehazki, Oiartzundik ailegatuko dira Lesakara, Agiñan barna, eta Lesakatik Piedadeko gainean barna Igantzira joanen dira. Igantziko Bentetara jaitsi ondotik, Bera aldeko bidea hartuko dute, eta Endarlatsatik Irun aldera joanen dira, San Martzial eta Erlaitz igoz. Etapa honek 107,3 kilometro izanen ditu eta goizez ospatuko da. 

Bortzirietako herrietako ordezkariak pozik Bidasoa Itzuliak egindako keinuarekin

Azken edizioetan Bidasoa Itzuliak esfortzu berezia egin du Baztan, Malerrekan eta Bortzirietan presentzia gehiago edukitzeko. Amaiur dagoeneko lasterketaren ikur bilakatu da eta antolatzaileen erranetan, “ezinbertzekoa” da gaur egun handik pasatzea. Bortzirietatik ere kilometro saila egiten ditu urtero eta aurten ere horrela izanen da, berritasun batekin: lehen aldia izanen da Arantzan hasi eta Etxalarren bukatuko dena. Bertako alkateek, Xatur Larraldek eta Leire Olagaraik hurrenez hurren, pozik azaldu dira erabakiarekin. Larraldek eskertzen du lasterketak “kokalekua jartzen” diolako Arantzari. Urteren batean probaren helmuga izan dela ere oroitarazi du eta horrez gain, urtero jasotzen dutela talderen baten bisita. Herrian txirrindularitzarekiko “afizioa” badela ere onartu du eta beraz, asteburuan zaleak hurbilduko direla espero du. 

Olagarai Etxalarko alkatea, bere aldetik, Mikel Arriet Atondo (Oreka IT-Zuia) herriko txirrindularia animatzeko gogoz azaldu da: “Ilusioz gaude Etxalarren bukatuko delako lehen aldiz eta gehiago jakinda herritar bat dugula hor”. Arantzako alkatearen hitzak errepikatuz, lasterketak Etxalar kokatzeko balioko duela ere argi du eta pozez hartu du hori, Bortzirietako herriak goraipatzeko aukera izanen delakoan.