Irune Elizagoien: «Etxalarren saiatzen gara ingurua txukun mantentzen, baserri inguru hori jarraitzen, hori delako beti ikusi duguna»

Lizar Elexpuru 2026ko ekainaren 3a

XXXIII. Gasna eta Artisau Feria ospatuko da asteburu honetan Etxalarren. Larunbata eta igandean zehar banatu dute egitaraua eta VII. Ardi Zakur Lehiaketa, artisau azoka anitza, gasna lehiaketa, ikuskizunak, trikitilariak, baserriko tresneriaren erakusketa, ardi mozte erakustaldia eta anitzez gehiagoz gozatuko dute bertaratutakoek.

Irune Elizagoien etxalartarrarentzat, gasna eta artisau feria ez da nobedadea. Izan ere, Iruneren adin berbera dauka feriak:

«XXXIII. edizioa daukagu aurtengoa, justu nire adina dauka. Nik betidanik ezagutu dut Etxalarren besta egun hau. Txiki-txikitatik oroitzapena daukat nolatan gasna lehiaketa egiten zen, trikitilariak ere parte hartzen genuen. Betidanik ezagutu dut, eta gero Altxata elkartean sartu nintzenez, antolaketan murgilduta nabil».

Ekainak 6, larunbata

18:00etan VII. Ardi Zakur Lehiaketa

Elizagoienek azaldu duenaren arabera, Jon Azkarraga herrikideak, «anitz lagundu du ekimena aitzinerat eramaten» . Gainera azpimarratu du asteburuari hagitz ongi datorkion ekitaldia dela leihaketarena.

Etxalarko errota pareko zelaian lehiatuko dira txakurrak. Aurten, lau partaidek gauzatuko dute erakustaldia. Baigorritik Roger Jauretche artzainak Izar zakurra gidatuko du. Aldudetik, Marzel Hualdek Umil izeneko txakurra. Itsasutik, Jean Paul Iriquinek Orai, eta Azkoititik, Gaizka Etxanizek Laster txakurrari aginduak emanen dizkio. Pasaden urteko txapalduna da azken hau. Irune Elizagoienek azaldu digunez, aurten ez da etxalartarrik izanen partaideen artean.
Lan desberdinak egin beharko ditu txakurrak artaldea gobernatzeko: kortxel moduko batera txakurra sartzea lortu beharko da eta zerraku batetik pasatzea bertze helburuetako bat izanen da. Hortaz gain, ikurrina egonen den zutoin batera ondora joan beharko da animalia, bertan eseriz.

22:00etan Etxalarko dantzari, kantari eta musikarien ikuskizuna

Frontoian izanen da emanaldia. 2020 aldera hasi ziren ekimen hau sortzen. Arte diziplina desberdinak elkartu dira, arratseko ikuskizun osatu bat proposatzeko. Urtero gai desberdin bat aukeratzen dute, aurten kontrabandoaren gaia hautatu dute.

Ekainak 7, igandea

10:00etan estreinatuko da azoka trikitilarien konpainiarekin. Bertze urteekin alderatuz, artisau gehiagok hartuko dute parte aurten, plazaren goititik dagoen karrikara ere iritsiko baitira postuak. Ia 50 artisau hurbilduko dira Etxalarrera Euskal Herri osotik.


Goizeko 10:00etatik 11:00etara, ardi gasnak aurkezteko dira. Bortziriak, Bertizarana, Baztan, Malerreka, Urdazubi, Zugarramurdi edo Leitzaldean bizi den edozeinek aurkeztu ahal izanen du bere gasna. Ardi latxaren esne gordinarekin egina izan beharko da eta gutienez 60 egunez ondua egon beharko da. Lehiaketara aurkezten den gasna bakoitza 20 eurorekin ordainduko da eta egile bakoitzak gasna bakarra aurkeztu ahal izanen du. Bukatzeko, sari lehiaketa izanen dute partaideek. Bi sailkapenetan banatu da lehiaketa. Sailkapen orokorrean sari bat izanen da , eta zehazki, herriko gasnagileek ere aitortza bat jasoko dute bertze sari bat jasoz.

 

 

  • 10:00. Azoka irekiera trikitilariekin.
  • 10:00-11:00. Lehiaketako ardi gasnen harrera.
  • 10:00-14:00. Artisau postuak eta salmenta.
  • 12:00. Nafarroako kanta taldea azoka girotzen.
  • 12:30. Ardi mozte erakustaldia eta zirian erretako ardiki pintxoak.
  • 13:30 XXXIII. Eskualdeko ardi gasna lehiaketako sari banaketa.


Hortaz gain, goizean zehar, Iriondoan, baserriko lan tresnen erakusketa aurkeztuko dute, eta eskola zaharretan Etxalarko eskulan ikastaroko lanak ikusgai egonen dira.

Altxata elkarteak 35 urte.

1991. urtean sortu zen elkartea, kulturarekin lotutako ekimenak hauspotzeko asmoz. 2026 honetan 35 urte beteko dituzte. Adibidez, Etxalarko dantza taldea eta pilota eskola Altxataren gain dira. Kirol eta kultur elkartearen urteurrena ospatuko dute asteburu honetan. Berezitasun moduan, Nafarroako Kanta Taldeak girotuko du goizeko azoka.