Ernai gazte antolakundeak igande honetan, irailaren 13an, Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez! lelopean, manifestazioa antolatu du Donostian. Mobilizazioan bat eginen du Kontxako Banderaren bigarren igandearekin eta helburua, kaleak betetzea izanen da, eskuin muturraren gorakadari aitzin egiteko. Antolakundeak beraz, Euskal Herriko gazteak deitu ditu ekintzarekin bat egitera, "nazio konzientzia handitu eta Euskal Herriaren alde borrokatzera". Bortzirietatik eta Baztandik dagoeneko erakutsi dute bertara joateko asmoa eta autobusean joateko aukera eskaini dute bi eskualdeetatik.
Manifestazioa Bulebarretik abiatuko da 13:30ean, baina aitzinetik jarri dute hitzordua Bortzirietako Ernaik, baita Baztango Ernaik ere. Bortziritarrei dagokioenez, 9:00etan gosaria eginen dute Berako Espidobaitan eta Lesakako Arranon (gosarira apuntatzeko 638 300 821 telefonora deitu beharko da). Ondotik, autobusa 10:30ean abiatuko da Donostiara Lesakako suhiltzaileetatik, Beran geldialdia eginez (10:45ean Euskaldunan). Autobusean joan nahi duenak Espidobaitan edo Arranon dauden zerrendetan eman beharko du izena. Etxera buelta 20:00etan eginen dute.
Baztango Ernaik berriz, 10:00etan eginen du hitzordua igandean, Elizondoko plazan, autobusa hartu eta Donostiara joateko. 15 euroen truke eman daiteke izena autobusean joateko, Elizondoko Intza ostatuan edo Erratzuko Zubipuntan, baita 643 970 975 telefonora deituta ere.