Bagera elkarte feminista

“Aurten 30 emakume baino gehiagok laguntza eskatu digute bortizkeria matxistari buruz, datu larria Hendaiaren tamainako herri batean”

Koldo Nausia 2023ko aza. 13a, 14:07

Azaroaren 25ean Hendaiako Bagerak M8 Asanblada Feminista Bidasoa plataformarekin bat egingo du, urtero bezala. Baina Hendaian ere, aparteko deialdiak antolatu dituzte. Mobilizazioekin batera, autodefentsa ikastaroa Dojon, eta medikuntza arloan sexu bortizkeriaz gogoetatzeko mahaingurua Borderline Fabrikan, besteak beste. 

Joan den astean herriko etxeak Avenida Zubiaren Hendaiako aldean dagoen zabalgunea izendatu berri duen Maritxu Anatol plazan egin dute Hendaiako deialdi ofiziala 17:30etan. Baina aitzinetik ere, (16:30tan) nahi duen hendaiar orok parte har dezan, Gaztelu Zahar parean dagoen Gerlako Hildakoen Memorial gunean elgarretaratzea egingo dute, bertatik oinez edo autoz Maritxu Anatol plazara joateko gero.   

Hendaian indarkeria matxistaren kontrako borrokan, Bagera elkartea kezkaturik azaldu da. Izan ere, biktimak laguntzeko martxan jarri zuten telefono zenbakian 30etik gora emakume desberdin artatu dituzte aurten. “Iazko kopuru antzekoa izan da, eta datu kezkagarria da Hendaiaren tamainako herri batentzat”, dio Itziar Varela Bagera elkarteko kideak, “are gehiago jakinda biolentzia matxistaren zirkuloan bete-betean dauden emakumeak ez direla deitzera ausartzen, nolabait ahaldundu direnak baizik”.

Era berean, datu ofizialak biltzeko zailtasun handiak dituztela nabarmendu du. Izan ere, frantses estatuan “feminizidioaren figura juridikorik ez dago” oraindik ere, indarkeria matxistaren biktimen aitortzarik ez delarik egiten, eta horrek eramaten diren prebentzio eta artatze politiketan sozial mailakoak eta familia arteko arazoen babespean baizik ez direla sustatzen dio Varelak.

Hendaiako kale-izendegia

Bestalde, joan den astean Maritxu Anatol plaza izendapenaren ekitaldi ofizialean, Hendaiako auzapezak kale-izendegia “feminizatzeko” irizpidea iragarri zuen.  Kotte Ecenarrok erran duenez, etorkizunean izendatuko diren karrika eta plazei ere emazte izenak jarriko dizkiete.  Eta Simone Weil filosofoari karrika bat eskaintzea adostua du jadanik herriko kontseiluak.

Zentzu honetan, Maritxu Anatol plaza berria kontuan hartuta, orotara hiru kale edo plaza dira emakumeen izena dutenak Hendaian. Itziar Varelak dioenez, “kentzen badugu Edurnezuri kalea, ez dela emazte bat, hiru baizik ez daude”. Elene Busche, hegazkin pilotu frantsesa (bertakoa ez zena), eta 2021ean zendutako Simon Villalta (bere senarraren abizenarekin izendatua) Enperadorearen etorbideko itzulgunea. Hendaiarra izanik,  bere azalean ordaindu zuen nazien basakeria, Ravensbrückeko kontzentrazio esparruan preso izan baitzuten.

Halere, Bagera elkarteak dozenaka proposamen ditu zerrendatuak. Eta orain Maritxu Anatol izendatu duten plaza extraofizialki Casilda Hernaez Vargas izendatu zuen elkarte feministak 2021ean Martxoak 8aren harira egindako manifestazioan. “Izena LeBasquel elkarteak hautatu zuen herriko etxearekin batera egin zuen lan baten harira. Hendaian bizi izan zen mugalaria izanik ere, ez zuela Hendaiarekin aski lotura” argudiatu zuen udalak onartua ez izaiteko. Horiek hala, bere harridura adierazi du Bagera elkarteko kideak plaza hori Maritxu Anatol izendatu dutela ikustean. “Ados gaude izenarekin, ez dugu problemarik horrekin, baina ez gaituzte ez abisatu, ezta ekitaldira gonbidatu egin ere”, kexu da Varela. 

Aparteko ekintzak

Mobilizazioetatik haratago, Bagera elkarteak hainbat hitzordu proposatzen ditu egunotarako ere. A25a prestatzeko atelierra antolatzen du azaroaren 18an (larunbata) 10:00etatik aurrera bere egoitzan. Bestalde, azaroaren 26an (17:30etan) Hendaiako Judo Klubaren eskutik, 18 urtez gorako emazteentzat autodefentsa ikasataroa emango dute Daniel Ugarte pilotaleku parean dagoen Beltzeniako Dojoan. Eta egitaraua borobiltzeko, azaroaren 30eko greba feminista Ipar Euskal Herrian jarraituko ez bada ere, zaintzaren arloa eta indarkeria matxistaren gaiak uztartuz, mahaingurua antolatzen ari dira "medikuntza esparruan sexu indarkeriari buruz". Mediku, psikologo eta sozial arloko hainbat aditu gonbidatuko dituzte horretarako, azaroaren 30ean 18:30tan Borderline Fabrikan.