Euskal Kultur Erakundeak bultzatzen duen kultur eragile desberdinak antzerkiaren, zinemaren, dantzaren edo musikaren alde sare baten osatzeko xede duen Ibilki programaren baitan, “Gure Xaharrak” obra taularatuko du Bonbon Beltz konpainiak Hendaian aste hondar honetan. Ostiralean (20:30) frantsesez, eta azaroak 18, larunbatarekin, euskarazko bertsioa 19:00tan taularatuko dute Mendi Zolan kulturgunean. Halere “hitzak baino, keinuak dira mintzo” aurreratu du Maika Etxekopar taula zuzendariak. Izan ere, antzerkia eta txotxongiloak uztartzen dituen obra da honakoa.
Programatutako emanaldi hauen aitzinetik izan dugu Maikarekin mintzatzeko aukera. “Obraren mamia zahartzaroa eta adineko pertsonen zaintza izanik”, Hendaiako EPHAD Haizpean zahar-etxean aurrerapen bat eskaini nahi izan diete bertako egoiliarrei.
Zahartzaroaren beharrak eta zaindarienak
Urtxintx Urdinak izeneko balizko zahar-etxe batean iraigaiten da istorioa, abisatu gabeko Osasun Inspekzio baten harira. Eta zaintza, zaindarien lan baldintza urriak eta zahartzaroaz gogoetatzeko gonbidapen bat dela nabarmendu dute egileek.
Antzezleak eta txotxongiloen maneiatzaileak Ahlam Slama, Battitt Halsouet, Amaia Irazabal, Bruno Hollemaert eta Maika Etxekopar bera dira. Eta Zuraiden edo Saran egin izan duten bezala, Hendaian ere “ikusleekin batera inprobisazio maila handia” duen obra dela azpimarratu du Etxekoparrek.
Ikusgarria 12 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta sartzeak 12,50 eurotan dira, eta prezio murriztua 6,50 euro.