Alda elkarteak egoitza idekitzera doa Hendaian, etxebizitza eskubidea defendatzeko

Antxeta Irratia 2023ko aza. 20a, 15:08

Etxebizitza eskubidearen alde eta higiezinen espekulazioaren kontrako elkarteak aurreneko bilera deialdia egin du abenduaren 6an. Hego Lapurdiko herritarren defentsan zerbitzu emango du hemendik goiti Hendaian ere.

2020ko udazkenean sortua, etxebizitza duin eta eskuragarrien aldeko borroka daraman ALDA elkarteak Hego Lapurdiko herritarrei zerbitzu emateko bulegoa zabalduko du Hendaian. Ingurumenarekin kezkatua, eta Ipar Euskal Herrian lurren eta etxebizitzaren espekulazioaren kontra ari denez, Lapurdiko kostaldean hainbat ekintza egin izan ditu hiru urteotan. Izan ere, Ipar Euskal Herrian 51.000 bigarren etxebizitza eta 14.000 apartamendu turistikoa daude gaur egun. Herritarren parte handi batek bizitoki duin bat eskuratzeko zailtasunetan denean. Hendaian, adibidez, herritarren %65ak bizitoki sozial bat eskatzeko baldintzak betetzen ditu gaur egun, eta 700 lagun baino gehiago daude baten esperoan. Anartean, herriko bizitokien %40a bigarren etxebizitza ala hutsa da gaur egun.

Alda elkarteak higiezinen merkatuaren erregulazio erradikal baten alde agertu da hastapanetik, eta gehiengoaren hitza karrikara eramateaz gain, herritarren eskubideak defendatzeko laguntza eskaintzen du, etxebizitza eskubidearen alorrean ez ezik, kalitatezko zerbitzu publikoen, hezkuntza, kultura edota mugikortasun gaietan, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak jomuga dituelarik.

Hendaia zabaldu nahi duten egoitzaren proiektuarekin interesaturik diren herritarrak, lehenbiziko bilera irekira gomit dira, abenduaren 6an 19:00etan Irandatzeko Bigarena karrikaren 21 zenbakian (B sarerratik). Haiekin harremanetan sartzeko: info@alda.eus