Hendaiako Enbata gaztetxeak 4 urte betetzen ditu, eta ostirala honetan (20:00etan) gaualdia antolatu dute horren ospatzeko. Gazte asanbladaren historia urrunean geratzen dira iada, Jean Battitte Salaberry auzapeza zela Hondartza auzoan etxe huts bat okupatu zutenekoa. Edota horren ondotik, arrakasta handiagorekin Sasiko gaztetxeak Enperadorearen bulebarrean Pariseko Ospitaleen jabetzakoa zen Argi Hastea etxea okupatu, atondu eta Orio auzoko bizilagunen sustenguarekin erreferentzia bilakatu zenekoa ere.
Lau urte betetzen dira Hendaiako herriko etxearekin Kaneta portuko kabinete mediku zaharra zenaren egoitza lagatzeko hitzarmena lortu zutenetik. Egun hartan, Kotte Ecenarro auzapezak gaztetxearen sarrerako petrilan izenpetu zien gazteei hitzarmen hura. Gaur egun auzoan etxebizitza promozio proiektu baten mehatxupean bizi dira. Haatik, gazte asanbladak denbora honetan herria biziarazteko egindako ibilbideari jarraiki, 4 urte hauek ospatzeko gaualdia antolatu dute ostiral honetan 20:00etatik goiti.
Haritza eta Larrun, gaur egungo gazte asanbladako kideak izan ditugu gonbidatu. Sarrerak 5 eurotan salgai jarriko dituzte 5 eurotan, eta Enerhitz musikari irundarra, Iruñeatik datorren Ibil Bedi taldea eta Dj Infernuk animatuko dute gaualdia.