ALDAk ostegun guziz permanentzia egingo du Hendaiako bulego berrian

Aitor Errazkin 2023ko aza. 28a, 10:36

Hego Lapurdin  etxebizitza eskubidea borrokatzeko ‘Eguneroko Bataila’ batzordea sortuko du Hendaian, eta abenduaren 14tik goiti ostegun guziz 9:30etik 17:00etara permanentzia eginen dute. Etxebizitza ez ezik, kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko aholkularitza ere eskainiko dute Hendaiatik.

Abenduaren 6an (19:00tan) bilera idekia deitu du ALDA elkarteak bere Hendaiako egoitza berrian. Irandatzeko Bigarena karrikaren 21. zenbakian Office64 etxebizitza sozialeko egiturak utzitako bulegoan emango ditu ere, orain artean Baionatik eskaintzen zituen zerbitzuak. Xebax Christyk, Aldako arduradunak azaldu digunez, Hendaiatik jasotako eskaera handiak behartuta deliberatu dute bulego berria martxan jartzea. “Hendaian aktibitate turistikoa inportanta da ere, eta orokorrean alokairuan bizi diren eskaera anitz jasotzen ditugu astero, 20 bat, eta horietatik anitz Hego Lapurditik”.

Lehenbiziko bilera idekian “Alda ezagutu edo parte hartu nahi dutenei” informatzeko helburua dute. Izan ere, Baionan bezala, Hendaian ere etxebizitza eskubidea borrokatzeko Eguneroko Bataila Batzordea eratu nahi baitute. “Bereziki alokairuan bizi diren jendeen eskubideak defendatzeko elkartea bada ere, kontsumitzaileen eguneroko galderak argitu eta laguntza ematen du elkarteak“, argitu du. Christyk dioenez, “etxebizitza da hurbiltzen direnen kezka nagusia”. Izan ere, Lapurdiko kostaldean hainbat ekintza egin izan ditu Aldak hiru urteotan espekulazioaren aurka. Ipar Euskal Herrian 51.000 bigarren etxebizitza eta 14.000 apartamendu turistiko baitaude gaur egun. Hendaiaren kasuan, herriko bizitokien %40a bigarren etxebizitza ala hutsa da gaur egun.

Halere, internet zerbitzu, banketxeak eta asegurantzari buruzko kontsumitzaileen galderak ere jaso ohi dituzte. Eta etxebizitza soziala duten pertsonentzat, zein gainerakoetan hezetasun arazoak, iruzur kontratuak, alokairuen mugak ez errespetatzea, kontratuen mozteak, etxebizitza sekatzen dutenen zailtasunak… denetarik lantzen dute.

Horretarako, ostegun guziz permanentzia bat izanen da 9:30etatik 17:30ak arte, eta hor lan egingo dute Hego Lapurdiko herritarrak laguntzeko. Hendaiarrak ez ezik, Urruña, Biriatu eta Donibane Lohitzune inguruko herritarren zerbitzura egongo da bulegoa. Nahiz eta aurki Donibane-Ziburun ere hirugarren bulego bat zabalduko duten.

Haiekin harremanetan sartzeko: info@alda.eus