Ekoherritartasuna bultzatuko duten aurreneko konpostagailu kolektiboak ezarri dituzte Hendaian

Antxeta Irratia 2023ko aza. 29a, 06:02

Hendaiako herriko etxeak eta Bil Ta Garbik bi konpostagailu berri ezarri dituzte Pellot karrikan (Harrixabaleta-Partxetegia auzoan) eta Flora biribilgunean (Zokoburun). Aurrekontu partaidetzazko aurrekontuetan onartuta udalak betetzen duen bederatzigarren proiektua da, eta kokapena auzotarrekin adostua izan da.

Parte-hartze bidezko aurrekontuetan onartu, eta konpostagailuak erabiltzeko eta kudeatzeko prest diren herritarrekin adostutako lekuetan ezarri dituzte Hendaian. Galdetegi bat egin dute jakiteko zenbat herritar ziren hondakin organikoak sailkatzeko prest, eta konpostagailua giltza bidez erabiltzen denez, hau kudeatzeko ere. Konpostagailu kolektibo bakoitza 20 bat familientzat pentsatua dago, eta hondakinen murrizteko helburuaz gain, auzokideen arteko harremanak bultzatuko dituelakoan dago Ganix Grabieres, Herritartasun eta Garapen Iraunkorrerako hautetsia. «Proiektu honek ingurumena hunkitzen du eta ekoherritartasuna, baina baita elkarbizitza ere», azaldu du. Argitu duenez, «etxeko hondakinak balioan emateaz gain, gizarte lotura bultzatu nahi du ere».

Nolanahi ere, konpostagailu zerrenda luze baten aurrenekoak besterik ez dira Hendaian. Maitena Curutchet, Bil Ta Garbi sindikatuaren lehendakariordeak erran duenez, «2024ko urtarriletik goiti Frantziako etxe bakoitzak bere etxeko hondakinak sailka eta lurrustela  egiteko moduan izan beharko du».

Horiek hala konpostagailu hauek zein datozenak erabiltzeko interesa duen orok, e-postaz compostcollectif@hendaye.com edo telefonoz 05 59 48 23 14 egin beharko du.