Bagera elkarteak 2023ko bilana egin du

Aitor Errazkin 2024ko ots. 7a, 11:55

Urte hasierarekin batera, 2023 urtearen bilana egin du Hendaiako Bagera elkarte feministak. Martxoak 8 eta azaroaren 25eko mobilizazioez gain, hamarka emazte lagundu dituzte egunerokoan.

Bagera elkarteko Itziar Varelak azken urteko bilana egin du Antxeta Irratian, 2023an elkarte feministak antolatu dituen ekitaldiak aipatu dizkigularik. Mobilizazioak eta animazioak izan dituzte, baita tailerrak ere.

Bertzalde, azken urteetan Bageraren ohiko jarduera bilakatu da arriskuan diren emakumeei laguntza eskaintzea. 07 55 64 92 55 telefono zenbakiaren bidez jasotzen dituzte laguntza deiak, eta 2023an 2022an baina gutiago jaso dituztela aipatu du Varelak. Azaldu duenez, horrek ez du erran nahi eraso gutiago izan direnik, salaketa gutiago besterik ez.

Heldu diren asteetan, Amets Yoseikan Budo elkartearekin batera, autodefentsa ikastaldiak antolatu dituzte Pausuko Iturralde gelan. Otsailaren 10ean hasita, hilabetean behin izanen dituzte hiru hitzorduak. Izena emateko, bagera.komunikazioa@gmail.com helbidera mezu bat idaztearekin aski da.