Hendaiako itsas ospitaleak eguneko erietxea ireki du

Aimar Lopez 2024ko ots. 9a, 10:18

Argazkia: APHP

Balea zentro berriak eri neurologikoak artatuko ditu nagusiki · Hendaian medikuntza zerbitzuen emendatzea nabaria da azken urteetan

Hendaiako itsas ospitaleak zerbitzu berria inaguratu zuen asteartean, 12 pertsona artean artatzen ahalko dituen eguneko ospitalea. Eritasun bitxiak eta elbarritasun konplexuak pairatzen dituztenen zerbitzura egonen da Balea izendatu zuten zentro berria.

400.000 euroko inbertsioari esker, ortofonistak, fisioterapeutak, psikologoak eta neuropsikologoak daude bertan bertzeak bertze, eta punta puntako teknologiari esker analisia zehatzak eta arta egokiak emateko aukera da orain.

Hondarraitz hondartzaren puntan kokatua den ospitalea Pariseko erietxe publikoen menpe da, baina kasu honetan Baionako ospitalearekin elkarlanean ireki da egoitza berria.

Medikuntza zerbitzuek gora Hendaian

Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza kontent agertu da hemengo herritarren zerbitzura izanen den eguneko ospitalearen irekitzearekin. Iaz, Kontxa Berri gunean Alegera zentroa ireki zen ere, ginekologia, erreumatologia eta endokrinologia kontsultak eskainiz. 2022an berriz, SOS Médecins mediku zerbitzua Hendaian plantatu zen. Asebetea agertu da auzapeza Hendaian medikuntza zerbitzuen emendatzearekin.

Apirila bukaerarako, gainera, neuroonkologiako 20 ohe irekiko dira itsas ospitalean. 2015etik, urtero 3,5 milioi euro inguru inbertitzen dira urtean XIX. mende amaieran ireki zen erietxea berritzeko. Gaur egun, 288 ohe ditu, eta joan den mende bukaera arte nagusiki egoiliar finkoak bazituen, egun hilabete gutxi batzuetako osatze egonaldiak dira nagusi. 600 langile inguru ditu guneak.