‘Le Monument Préféré des francais’ izendatua izateko lehian sartu da Hendaiako Abadia jauregia

Koldo Nausia 2024ko mai. 7a, 16:13

Antton Abadiaren aginduz 1864tik 1884ra Violet Le Ducek eraikitako estilo neogotikoko jauregiak 67.268 bisitari jaso zituen iaz. Eta aurten frantses estatuko 14 monumentu esanguratsuenen arteko finalera sailkatu daiteke. Akitania Berriko bi ordezkarien artean hautatzeko bozka epea maiatzaren 24an itxiko dute.

Hendaiako Turismo Bulegoak jakinarazi duenez, Hendaiako Abadia jauregia eta behatokia 2024ko “Le Monument Préféré des francais” izendatua izateko lehian sartu da. Akitania Berriko bi hautagai finalisten artean dago. Bestea, Charente-Maritime departamenduko Bourcefranc-le-Chapus herrian dagoen Fort Louvois itsas-gotorlekua da. Maiatzaren 24a arte bozkatu daiteke (23:59ak arte) Hendaiako gazteluaren alde. Eta estatu mailako 14 monumentuen finalera sailkatuko balitz, Akitania Berriko ordezkari gisa parte hartuko luke azken fase horretan.

Hendaiako herriko etxeak turismo kulturalaren aldeko apostua egin zuen 2023an ‘Oroitzapenen Hiria’ plangintzaren baitan. 2023-2027 urtealdirako 1,2 milioi euroko inbestizamendua egingo dute hiriaren irudia proiektatu, eta ondarea balioan jarriz jarduera eta turismo eskaintza indartzeko. Eta horretan, Abadia gazteluaren ondarea ikur bilakatzeko estrategia markatu dute. Baita epe labur batean lortu ere. 2023an 67.268 bisitari jaso ditu jauregiak, 2022an baino %11 gehiago. Era berean, Hendaiako irudi eta eskaintza turistikoa hedatzeko eramandako lanari esker, urtebetean 143 erreportai egin dira Hendaiari buruz Frantzia eta Espainiako komunikabideetan. Eta Bordele, Okzitaniako Tolosa, Nantes eta Euskadiko turismo azoketan ere presente izan da.

Aipatu dugun bozka fasean parte hartu nahi izanez gero, aldiz, maiatzaren 24a arte duzute aukera honako helbidean:

Le monument préféré des Français 2024 | France TV & Vous (francetelevisions.fr)

Hendaiako baliabide turistiko anitz ditu. Baina Abadia gaztelua erreklamu handienetakoa bilakatu da, eta bisitak hainbat hizkuntzetan proposatzen dituzte. Baita euskaraz ere. Antxeta Irratian bisita partikularra egin ahal izan dugu gure entzule guztien plazerrendako. 1864tik 1884ra Viollet Le Ducek eraikitako estilo neogotikoko gaztelua Antton Abadiakoa zientzialari eta kulturgilearen kapritxozko jauregia baino gehiago baita. Eta gelaz-gela gordetzen dituen misterio, mezu sekretu eta Euskal Herriaren historia deskubritzeko aukera izan dugu erreportaia honetan entzungai duzun aparteko bisita gidatuan.