Nomadak Gaitun! azoka ibiltaria Hendaiako Borderline Fabrikara heldu da larunbatean

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 10a, 09:23

Dinagu kolektiboak antolaturik, Euskal Herri osoko 14 emakume sortzaileren produktuak eskura jarriko ditu ekimen honek Hendaian, uztailaren 13an, larunbatarekin 11:00etatik 18:00etara. Moda, bitxigintza, ilustrazioak, zeramika eta dekorazio lanak topa daitezke bertan, eta girotzeko ostatua zabalik izango dute Hendaiako tren geltokiko Borderline Fabrikan. 

2018an sortutako Dinagu kolektiboa Euskal Herriko emakume sortzaileen topalekua da. Euren helburua emakume sortzaileen lanaren ikusgarritasunean jardutea, elkarlanari bide eginez elkarrekin ahalduntzea, egoeraz hausnartzea eta sortzaileen beharretara egokitzen diren ekimen berriak sortzea da. Eta horren baitan, Nomadak Gaitun! azoka ibiltaria Hendaiara heldu da uztailaren 13an. Tren geltokian dagoen Borderline Fabrikan izanen da, eta bertan Euskal Herri osoko 14 emakume sortzaileren moda, bitxigintza, ilustrazio, zeramika zein dekorazio lanak jarriko dituzte bidasotarren eskura.

Jasangarriak diren proiektuen erakusleiho izatea nahi dute azoka, diseinu eta irudiaren esparruan Euskal Herrian ekoiztuak diren produktuen eskaintza badagoela erakusteko herritarrei. Halako azoka ugari antolatzen dituzte urtero, eta emakume horiei plaza bero eta goxo bat emateko asmoa dute oraingo honetan Hendaian. Parte hartzaileen artean izanen den Leire Aiartzaguenarekin mintzatu gara, bere Ehule proiektuarekin hurbilduko da Hendaiara. Eta azoka hauen garrantzia azaldu digu ondoko elkarrizketan.