Errepublika plaza arraberritzeko lehen lanak amaituta, bizirik dago berriz ere

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 10a, 09:30

Hendaiako Errepublika plazako lehen fasearen lanak bukaturik, joan den aste bukaeran ireki zuten plaza berriztatua. Eta ostalarientzat terraza handiagoez gain, asteazkenetako azoka ere bere ohiko lekura itzuli da gaur. Bertan izan  dira hautetsiak, 9:30etik 11:30era bitartean, herritarrekin solastatzeko prest.

Azken hilabeteotan Errepublika plazaren zaharberritze lanak zirela eta, Gazteluzahar pilotalekuan eta Gaztelu aretoaren kanpoaldean antolatu izan dute asteazkenetako Hendaiako azoka. Gaur itzuli da bere ohiko lekura, eta 25 postu bildu dira, fruta, barazki, gazta, haragi, bitxi zein jantziekin besteren artean. Bertan izan dira ere herriko zenbait hautetsi herritar eta erabiltzaileen iritziak bildu, eta plazaren arraberritze lanetan oraindik egiteke dauden lanen inguruan informatzeko prest. Aldiz, ostalariek garai zailak bizi izan badituzte, hemendik goiti terraza handiagoa izanen dute erabilgarri. Eta udako sasoian sartuak girela, ostegun gauetan musika zuzenean ere.

Izan ere, plaza berrituak hartuko ditu ere hamargarren urtez ostegunetako kontzertuak, Herriko Etxeak bertako ostalariekin elkarlanean antolatuta. Bihar hasiko dira doako kontzertu horiek Duozé taldearekin, eta agorril bukaera arte 7 ostegunez beste hainbeste talde izanen dira Errepublika plazako uda girotzen, 20:30etik 22:00etara. Herriko Etxeak oroitarazi duenez, udako gauak hiri-barnean girotzeko xedez duela 10 urte Jeudi’Ne en Ville ekimena abian jarri zutenetik, bertako musika talde askorendako plaza eskaintzeaz gain, estilo askotariko 60 kontzertu baino gehiago egin direla nabarmendu dute.  

Aipatu dugun ostegun hontakoaren ondotik, hurrengo asteetan The Electric Band pop rock taldea, Captrio eta Sylvie jazz, Almaflamenca Latina (Gipsy Latino estilokoa), Bacano Banda kunbia taldea, 80-90. Hamarkadako pop rock estiloko By Pop eta funk eta soul musika eskaintzen duen Barber Shop taldeak gonbidatu dituzte ostegunetako gauak girotzera.