Urtero zailtasun handiagoak ditu herriko etxeak hondartzako zaintzaileak kontratatzeko, eta horren aitzinean, sokorrista bihurtzeko titulazioa finantzatuko die hemendik landa 16 eta 30 urte arteko herritarrei. Ikasle, langile edo langabe izanik ere, laguntza hori eskatzen ahal da jadanik herriko etxean, urrian hasiko den formakuntzan 900 eta 1.500 euro arteko diru laguntza ukateko.
Segurtasun eta uretako salbamenduaren brebetak, frantsesezko BNSSA siglekin ezagunak, itsasoan, ur bareetan edo igerilekuetan ekiteko formatzeaz gain, Taldeko Lehen Osasun Arretako lehen eta bigarren mailako formakuntzak ere ematen ditu, bertze hainbat kasutan erabilgarriak suerta daitezkeenak.
Iaz, jadanik hiru gazteri finantzatu zien Herriko Etxeak formakuntza, eta aurten Hendaiako hondartzan zaindari izan dira. Diploma horrek hondartzetan baita igerilekuetan sokorrista lanean aritzea ahalbidetzen du.
Herriko Etxeak bi engaiamendu eskatzen dizkie hautagai gazteei: batetik, formakuntza osorik burutzeko konpromezua, eta bestetik, diploma lortu eta hurrengo bi uda sasoietan Hendaiako hondartzaren zaintzan lan egitea.
Engaiamendu horiez gain, motibazio gutun bat, bankuko RIB agiri bat, eta formakuntzaren lehen saioan izena ematearen agiri bat igorri beharko du hautagai bakoitzak. Hain zuzen ere, formakuntza Hendaiako Les Corsaires sokorritzaileen elkartearen bidez bideratuko da.
Hala, elkarteko lehendakari Bixente Milletekin harremana egin behar da lehenik, 06.76.24.15.29 zenbakian, eta ondotik, dirulaguntza jaso nahi izanez gero, dagr@hendaye.com helbidera mezu bat igorri daiteke, aipaturiko dokumentu guztiekin.