Txirrindolak ez ezik, elektrika tresnak, altzariak eta, orohar, hondakindegian amaitu ohi duten gauzei bigarren bizitza emango diete azaroaren 9an Hendaian. “Sortu eta brikolatu elkarlanean” lelopean trantsizio ekologikoan urrats bat gehiago eman nahi du Hendaiako RecyclArte elkarteak azaroaren 9an. Gaztelu aretoan 10:00etatik 18:00etara kontsumo eredu kapitalista aldatu eta ekonomia zirkularraren gurpilera animatu nahi dituzte bidasotarrak.
Maitena Hiriart elkarteko kideak dioenez, «konpondu daitezkeen, baina alferrik galdu ohi diren elektrika tresnetatik hasi, jantzi zein bestelako sormenekin ordezkatu daitezkeen erosketen» erakuslehio izanen da 'Errekuperazioaren Festa'. Aurreko urteetan bezala, Eguberrien atarian antolatzen dute, hainbeste opari eta erosketa egin ohi diren garaiak izanik, ekonomia sozial eta solidarioa bultzatu nahian. Eta aldi berean, berrerabileraren bidetik gutxiago kutsatzen ikasteko aukera eman nahian ere.
Hada Creation jantzigintza kustomizazio elkartea eta Lez Alchismistes edota Le Jardin qui Court elkarteek parte hartuko dute, kosmetika ekologikoa, landareekin sortutako apaingarriak, mekanika piezekin egindako opariak edota hondakinak berreskuratuz bestelako produktuak sortzeko atelierrak proposatuko dituzte. Recycl’Arte elkartearen ohiko jarduera kontuan hartuta, erran gabe doa bizikletak berreskuratu eta kustomizatzeko atelierrik ez dela faltako. Izan ere, bestelako produktuak konpontzen dituzten arren, Intzura industriguneko euren tailerrean, bizikleta da beraien jarduera nagusia.
Egitarauari buruzko xehetasun guztiak www.recyclarte.org dituzue eskura, edota Recycl’Arte elkartearen facebook eta instagram sare sozialetan.