Hendaiako herriko etxeak 2tik 8ra emendatu du udaltzainen kopurua 2017az geroztik, eta herrian bideo-kamara zaintza sistema oso bat antolatu zuen 2018 urtean, Herriko Kontseiluan eztabaida handiz onartu eta gerora garatzen joan direna. Orain herriko poliziak armatzea deliberatu dute. Kotte Ezenarro auzapezak delituen gorakadari aurre egiteko beharra argudiatu du neurri hau hartzeko, eta «Hendaia eta ez dela Chicago esanez», 2025etik goiti udaltzainei armak eman eta hauek erabiltzeko hiru formakuntza ikastaro ere kontratatu ditu herriko etxeak.
Hendaia Biltzenek gogor kritikatu du erabakia «arma gehiagok ez dutelako segurtasuna ekartzen». Talde abertzalearen bozeramale Laetitia Navarronek argi du udaltzainen funtzioa pedagogikoa behar duela izan, hurbilekoa eta arma bat parean ikusten duzularik «deskonfinatza, beldurra eta bortizkeriaren eskalada» besterik ez duela ekarriko herritarren artean. «Ez da batere eredu ona, ez du lagunduko elkarrizketa, eta udaltzainen lana betetzeko ez dira armak beharrezkoak batere», azpimarratzen du. Arman presentzia eragiten duen kaltea handia izan daitekela uste du, eta istripuak ere gerta daitezkela. Baina orohar, hendaiarrei helarazten zaien «mezu arrikutsuarekin» arrangura agertzen du Hendaia Biltzeneko hautetsiak. «Mezua zinez ez dugu ulertzen. Kotteren erabakia demagogikoa eta elektoralista da. Berak onartzen du ez garela Chicagon, eta egunero ohartzen gara ez garela Chicagon, baina armen presentziak kalean arriskuaren sentsazioa areagotzen du», dio Navarronek.
Gogoratzen duenez, kaleko segurtasun kamera-sistema jarri zutenean ere, abertzaleak kontra jarri ziren «pentsatuz kostu handi bat zela efektu gutxirentzat, eta badirudi onean ginela, zeren gaur egun delitu gehiago badirela dio, eta hori kamera gehiago jarri dituztela. Eta orain gainera munizipalei armak emanen dizkiegu». Ezin ahantzi daiteke zentzu honetan, Hendaian ematen diren delitu larrienak polizia nazionalak kudeatzen dituela, eta presentzia polizial nabarmena dagoela komisaldegia herrian izanik.
Zentzu hortan, «udaltzainen eskumenetatik haratago doa armak soinean eramatearena» bere ustez. Are gehiago, herriko etxeak neurri honekin adierazten duena kaltegarria izan daitekeela pentsatzen du Laetitiak. «Estatuari esaten ari zaio, begira! Zu gabe antolatzen gira! Eta orduan polizia nazionalaren presentzia gutxitu eta efektiboak murriztea erabaki dezakete», dio.
Nolanahi ere, erabakia hartu dago. Eta 2025etik goiti Hendaiako udaltzainak armatuak egongo dira. Herriko Etxeak delituen gorakada eman du erabakia justifikatzeko, baina daturik eman gabe. Hala ere, Frantziako datu ofizialen arabera, biolentzia intrafamiliarra (genero indarkeria barne) kasuak baizik ez dira emendatu azken urteotan. Iaz halako 175 salaketa eman ziren herrian. Gainerakoan, 2020ean kaleko 400 lapurreta inguru eman ziren bitartean, iaz 500 salatu zituzten. Baina 2019an 640 inguru eman zirela adierazten dute datuek. Bestalde, cambriolage edo etxeetan sartuta emandako lapurretei dagokienez, behera egin du azken urteetan. 2018an izandako halako 100 delituetatik, 2020tik honat ez dira 50etik gora gertatu urtean, batez bestean. Droga trafiko delituak ere, 60koen heinean mantentzen da urtez-urte.