80 ohe, lau solairutan banaturik: itxura berriturik itzuliko da Hendaiako Santiago karrikako 29. zenbakiko hotel zaharra. Alain Cazaux eta bere alabak Emlamani enpresa sortu zuten orain urtebete pasa, aspaldian buruan zuten proiektua burutu ahal izateko. Biak dira bidaiariak, eta biek dituzte gogoko aterpe edo hostelak: plazera eta lana elkartzeko abagunea atzeman dute orain Hendaian.
Zortzi oheko hiru gela, lau oheko hamar gela eta bi oheko zortzi gela izanen ditu aterpeak, bakarrik, bikotean, familian edo lagun artean heldu diren bidaiarien beharrak asetze aldera. Kasik bi milioi euroko proiektuak sukalde komunitarioa, taberna eta jatetxea ere izango ditu, tokiko produktuak eskainiz.
Helburua turismo iraunkorra sustatzea dela azaldu dute sortzaileek, eta zentzu horretan, hainbat lan egin dituzte eraikina ahal bezain ekologikoa izan dadin.
Bertako herritar eta kulturarekin lotura
Jatetxean eta ostatuan, aterpetuak diren bidaiariez gain bertako herritarrak ere ikusi nahi lituzkete jabeek. Xede horrekin, bidaiari eta bertakoak ezagutu eta elkar trukatzeko animazioak antolatzeko asmoa dute. Modu berean, jatetxean tokiko mozkinekin plater arruntak prezio eskuragarrian eskainiko dituzte, ekoizleekin ere harremana estutuz.
Bidaiari gazteen artean modan diren aterpetxeek beste turismo mota bat zabaltzen dute Alain Cazauxren ustetan, bertako kultura ezagutu eta partekatzeko tresna bat izan daitekeena. Frantses estatuko gazte aterpeen federazioaren kide izanen da hala Hendaiakoa, kideei deskontuak proposatuz bertzeak bertze.
Surfak, hondartzek edo mendiek erakarritako turistak, erromesak eta langile sasoilariak dira egoitza berriaren xede talde nagusiak, baina familiak ere ongi etorriak izanen direla seurtatu du enpresaburuak. Eta bi engaiamendu argi berretsi ditu: ohe edo logelen prezioa eskuragarria izanen dela, eta 2025eko martxotik landa hartzen ahalko dela aterpe bertan.