Hendaian 120 familik elikagaien laguntzari esker aurrera egiten dute

Aitor Errazkin 2025ko urt. 8a, 18:00

Gaur elkartasuna eta boluntariotzaren garrantziaz hitz egingo dugu, eta horretarako, gonbidatu berezi bat dugu gurekin: Peio Urriza, Hendaiako Gurutze Gorrian elikagai banaketako boluntarioa.

Hendaian 120 familiak elikagaien laguntza jasotzen dute, erdiak (60 familia) Gurutze gorriaren bitartez eta beste erdiak (60 familia) Secours Populaire elkartetik jasotzen dituzte. Familia hauen hautaketa, departamenduko gizarte-laguntzaileek egindako ebaluazio sozial baten bitartez bideratzen dira. 

"15 boluntariok 1.5 tona elikagai banatzen dituzte Hendaian beharra duten familientzat"

Asteazkenero, Hendaiako Gurutze Gorriaren egoitzan, Lekueder 7 helbidean, 15 boluntariok gogor lan egiten dute 40-45 familiari elikagai saskiak banatzeko. Lan hau Baionan hasten da goizeko 7:30etan, elikagaiak jasotzen, eta egoitzara itzuli ondoren, saskiak prestatzen dituzte familiaren tamainaren arabera: bakarrik bizi diren pertsonentzako, eta 2, 3 edo 4 pertsonako familientzako saskiak. Hiruhilabetero 1.5 tona elikagai banatzen dira Hendaiako gurutze gorriko egoitzan

Saski horiek barazki freskoak, esnea, olioa eta beste elikagai oinarrizko batzuk izateaz gain, garbiketa produktuak ere biltzen dituzte, familien behar guztiak asetzeko helburuz. Banaketak urte osoan egiten dira, eta uda edo negu garaian aldaketak egon daitezkeen arren, asteazkenero 40 familiari laguntzen diete. Saskiak osatzeko, Hendaia, Donibane Lohitzune, Baiona eta inguruko herrietako saltokiek egiten dituzten dohaintzak funtsezkoak dira.

Boluntarioen profila ere anitza da: gehienak erretretan dira, eta emakumeek parte hartze handiagoa dute. Gaurkoan, Peiok bere esperientzia eta ikuspegia partekatuko ditu, baita boluntarioen eguneroko erronkak eta elkartasun horrek komunitatean duen eragina ere.