Hilabete eskas da Euskaraldiaren laugarren edizioa hasteko eta euskararen erabilera sustatzeko ariketa herritarra datak aldaturik bai, baina funtsa berarekin heldu da: Ahobizi eta Belarriprest rolen inguruan euskaraz gehiago aritzeko engaiamendua.
Esther Arbelaitz Hendaiako Mintzaian elkarteko kidea da, bi rol horien gibelean dena gaitasunaren ingurukoa ez dela argitu du: “Euskaldun oso izateak ez dakar nahitaez Ahobizi izatea, euskaraz ulertzen duen ororekin euskaraz aritzeko konpromezua da kontua, baita elkarrizketa elebidunetan ere”. Belarriprestak berriz, “nahi duenarekin, nahi duenean eta nahi duen tokian” euskaraz aritzeko aukera du, eta “gonbidapena” da harekin mintzo diren euskaldunek euskara erabiltzeko.
Pertsonei loturiko bi rol horiez gain, “entitateak” ere badira Euskaraldian, aurreko edizio batzuetan “Arigune” deitu zituztenak. Enpresa, elkarte, instituzio, ostatu, denda… batek entitate bezala izena emanez, bi engaiamendu hartzen ditu: bere partaideen artean Euskaraldiaren informazioa hedatu eta euskaraz aritzeko gomita egitea, baita bisitariak ahalaz euskaraz artatzeko baliabideak eskaintzea ere.
Hiru rol horietan izena emateko aukera bada, Euskaraldiaren webgunean. Maiatzaren 15era arte, Euskaraldiaren lehen egunera arte irekia izanen da epea. Ondotik, hamar egunetan zehar janzteko Ahobizi eta Belarriprest txapen banaketa antolatuko du Mintzaianek Hendaian, bertze elkarte eta sustatzaileek inguruko herrietan.
Hamar egunez egitarau oparoa
Maiatzaren 13an beroketa ariketa bat izanen da Hendaian, eta ondorengo egunetan, Euskaraldiak iraun artean jarduera andana prestatu dituzte. Egitaraua finkatzen ari badira ere, Esther Arbelaitz eta Gurutze Arrondok aitzinatu dute maiatzaren 17an, larunbatez, egun osoko egitaraua izanen dela Gaztelu Aretoan. Hurrengo larunbatean ere, maiatzaren 24an kirolarekin loturiko jarduera bat prestatzen ari direla aipatu dute gurean. Heldu diren asteetan iragarriko dute egitarau osoa.