Neguko hilabete gogorrenetan %93ko okupazioa izan du Intzura industriagunean (Gurutze Gorriaren egoitzaren atzealdean) kokatutako aterpetxeak, eta zenbait egokitzapen egin dituzte aurten konfort gune bat bilakatu dadin. Azken hilabete honetan udako sasoian ere erabiltzeko lanean aritu dira Gizarte Ekintzarako Udal Zerbitzuan, uda garaian Hendaian sortu ohi den beste behar bati erantzuteko. Txomin Elizondo, Hendaiako Gizarte Ekintzarako Udal Zerbitzuko zuzendariak argitu duenez, «orain arte udako lanetan ibiltzen ziren sasoilariak haien kabuz moldatu behar ziren, herriko kanpalekuetan edo lan egiten zuten hoteletan logelak atxikiz, baina sobera garesti denez ordainsariaren parte handi bat horretara zihoan».
Hendaiako herriko etxeak alternatiba bat eskaintzeko gogoeta egin du, eta bereziki hondartzako zerbitzuetan eta hondartzaren segurtasuna bermatzen duten langileekin pentsatuz antolatu du dispositibo berria. Aurreneko aldiz, orain artean neguan besterik erabiltzen ez zen aterpetxea, udan ere beste funtzio honetarako egokitu egin dute. Maiatzaren 1 hontatik urria bukaera arte, udan turismoak duen pisu handia kontuan hartuta, Hendaiara lanera etortzen diren sasoilariei ohe duin eta merke bat eskaintzeko aprobetxatu nahi izan du herriko etxeak. Momentuz Abadia eremuko langile batekin hasi dira, baina 13 gela indibidualak eta arropa garbitzeko gunea ere badu.
Esan bezala, urria bukaera arte martxan izango dute udako sasoilarien zerbitzua, eta azaroan itxita egongo da, 2026ko Hotz Plana prestatzeko. Zentzu honetan, heldu den urterako zenbait hobekuntza egitea aurreikusten dute, bizikleta lekua, zigarro bilketa, osasun prebentzioa, janariaren gaia ere lantzea. Eta hurrengo negua hasi aintzin, formakuntza laburra ere 20:00etatik 8:00etara bertan lan egiten duten zaintzaileeri eman nahi diete.
Gogoan hartu behar baita, iaz egindako obrak kale gorrian dauden pertsonentzako zerbitzua hobetu egin duela aurtengo neguan, bereziki emakume gehiago hurbildu direla nabarmenduz.