CIMADE giza eskubideen aldeko erakundeak Hendaiako CRA Atxikitze Zentroari buruzko 2024ko datuak aurkeztu ditu berriki. Joan den urtearekin alderatuta, atxilotuen kopuruak apaldu badira ere, egonaldiaren iraupena nabarmen luzatu dela salatu dute.
2024an, guztira 313 migratzaile igaro dira Hendaiako Atxikitze Zentrotik –aurreko urteko 350en aldean gutxiago–, baina horietako bakoitzaren egonaldia luzeagoa izan da: 31 egun batez beste. "Duela 40 urte, zentro hauek sortu zirenean, gehienez 7 egunez edukitzen zituzten pertsonak; gaur egun, 50 egunekoa da gehienezko atxiloaldia, eta luzatzeko proposamena ere badago Senatuan: 210 egunera arte," azaldu du Maite Echeverry CIMADEko legelariak.
Echeverryk ohartarazi du atxilotze-denboraren luzapena ez dela soilik giza eskubideen ikuspegitik larria, baizik eta bestelako arriskuak ere dakartzala. Hain zuzen ere, Frantziako Senatuan aurkeztutako beste lege-proiektu batek CIMADE bezalako erakundeen behaketa lana oztopatu dezake, giza eskubideen urraketen jarraipena zailduz. "Gure lana baldintzatuko balitz, giza eskubideen urraketa gehiago gertatuko lirateke" adierazi du.
Hendaiako Zentroa da Ipar Euskal Herrian dagoen Atxikitze Zentro bakarra, eta egoera horrek bertan gertatzen den ororen garrantzia areagotzen du. CIMADEren arabera, kontrol independentea eta gardentasuna funtsezkoak dira, eta horiek bermatzea ezinbestekoa da migratzaileen oinarrizko eskubideak errespetatu daitezen.