Alda mugimenduak joan den asteartean Zubi karrikako apartamentu turistikoa okupatu zueneko aldarrikapen eta helburu guztiak lortu dituela aditzera eman du ostegun arratsaldean. Hiru eguneko okupazioa egin ondotik, amaitutzat eman du ekintza, eta Hendaiako bizitegien eztabaida mahai gainerat ekartzea lortu du berriz. Asteazkeneko Herriko Kontseiluan eztabaida gogorra eman zen hautetsien artean, Hendaia Biltzeneko Claire Legardinier hautetsiak interpelatuta, konpentsasio-arauari iruzur egiten dioten jabeei neurria hartzeko beharrari buruz. Eta kasu zehatz honetan, Aldak jabearengan ez ezik, Hendaiako herriko etxeak auzian esku hartzea ere lortu du.
Kolektibotik jakinarazi dutenez, jabeak ez du gehiago alokairu turistiko gisara 35 metro karratuko apartamentua eskainiko. Bezeroen bila Airbnb, Booking, Gites.fr edota Caporizons bezalako plataformetan emanak zituen iragarkiak kendu egin ditu. Eta uda honetarako eginak zituen erreserbak bertan behera utzi ditu ere. Era berean, apartamentua erabilpen turistikorako eskaini aitzin Zubia karrikan kokatzen den etxebizitzan bizi zen maizterrari zor zitzaion fidantza ordaindu dio alokatzaileak. Aldako kideek gogoratu dutenez, jabeak iruzur eginez sinarazi zion kontratua luzatzeari uko egin ondoren, lau urteko alaba baten aita Hendaiako kanpaleku batean bizi da orain oihal-etxe batean.
Auzapezaren konpromisoak
Bi baldintza horiek bete ondotik, hirugarren eskaera bat erdietsi du Aldak. Hala, agiri baten bidez jakitera eman duenez, Hendaiako Herriko Etxeak beregain hartu du auzia. Konpromiso bi hartu ditu zehazki Kotte Ezenarro auzapezak. Batetik, heldu den asterako hitzordua eman dio apartamentutik alde egitera behartua izan den gizonari, etxebizitza bat lortzeko aukerak aztertzeko. Eta horrekin batera, etxejabe iruzurgilearen aurkako salaketa emanen du herriko etxeak auzitegian. Argitu dutenez, 100.000 euro arteko zigorra arriskatzen du etxea ilegalki alokatzen zuen jabeak.