Mende erdi eta bost gehiago ospatuko ditu Zarpai Bandak asteburuan, lur, ur eta musikaz

Aimar Lopez 2025ko uzt. 16a, 16:00

Kaneta portuko eremu guztia eta gehiago hartuko du ospakizunak, itsaseder gainean ere muntatu dituzten karpetan. Musika egitarau handia prest dute, eta sarrera doakoa izanen da larunbat goizean eta igandean, «herritarrak biltzeko».

Mende erdiaren ospakizuna pandemiak trabatu bazuen, 55. urteurrena besta erraldoi batekin markatzeko gogo bikoitzarekin ziren aspaldi Zarpai Bandako kideak. “Zarpai Berriak” haur eta gaztetxoetatik hasi eta sortzaileen belaunaldira arte, ehunka kide bilduko dituen besta erraldoia prest dute Kaneta portuan, ostirala iritsiko zai. Ostiralean arratsaldeko 18:00tan hasi, eta igandean tenore berean itxiko baitute egitaraua eta hura hartuko duen gune handia.

Itsasoa hartu dute aurtengo ospakizunaren gai nagusitzat, eta horrekin loturik, herritarrei xuri-urdinez jantzita joateko deia egin diete. Itsasoa ez, baina itsasadarra bertan du Kanetako guneak, eta ederki baliatuko dute gainera; egunean hiru eta sei aldi artean, “uretako ikuskizun” bat eskainiko dute, ura, argia eta musika nahasiko dituena.

Lau gune izanen ditu Kaneta portuko ospakizunak: “Haizea lounge”, portuaren gaineko Joanes Suhugaraitxipikoaren plazan, DJek animaturiko dantzaldiekin eta janari “finarekin”. Azpian, Portuko erabiltzaileen elkarte ondoan, “Olatuen taberna”, ur gaineko terraza eta guzti; bertan, hainbat dantzaldi izanen dira, baita jan eta edana ere. Kanetako zabalgunean berriz, “Arrantzaleen etxola”, jarrita jateko lekuarekin, eta ondoan oholtza nagusiarekin, bertan izanen dira talde nagusiak, Puro Relajo kasu. Eta Eva Forest kaian, “Izar gunean”, hainbat DJ ere, baita ur bazterreko baratze eder bat ere, cocktailak eta bertzelakoak gozatzeko moduan.

Gune hauetan ordaintzeko, txip bat baitan duen eskumuturreko bat erosi eta kargatzea beharrezkoa izanen da; gunean bertan edo aitzinetik erosi eta kargatu daiteke, erosketak euro bat balio duelarik. Ostiralean eta larunbat arratsean sarrera ere beharko da gunera sartzeko; 8 euroren truke lortzen ahalko da gau bakoitzean, eta lehenagotik ere erosterik bada, sarean zein Kanetan bertan. Egitarau osoa hemen ikusi daiteke. Jarraian, Elorri Sorondo eta Asier Arbelaitzekin xehetasun guztiak entzungai dira: