Euskaraz eta olatuen artean ospatu dute Sokoburu Surf Jaia

Aitor Errazkin 2025eko azaroaren 24a

Mendi elurtuez inguratuta eta hotzari aurre eginez, euskal kostalde osoko 16 urtez azpiko 135 surflari elkartu ziren larunbatean Hendaiako hondartzan. New School surf eskolako Bidasoaldeko surflari gazteek antolatuta, eta Billabong eta Rip Curl bezalako marka komertzial garrantzitsuek babestuta, urtetik urtera sendotzen doan hitzordua da honakoa.

Berez azaroaren 15erako antolatua zuten, baina haize-bolada indartsuengatik eta itsaso zakarrarengatik alerta horia iragarrita zegoela eta, hitzordua astebete gibelatzea erabaki zuten Hendaiako New School surf eskolako antolatzaileek. Azkenik, txapelketa ospatzeko atarian zeudela iritsi zen elurtea, baina larunbatean eguzki-izpiek goxatuta, eta urrunean Larhun, Aiako Harria eta Jaizkibel zurituak, surf giro ederrarekin gozatu zuten uhinen artean goizez eta arratsaldez.

Aurtengoa seigarren edizioa zuten, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, Euskal Herri luze-zabaleko surflari gazteen topaketa izateko asmoa badu, «neguan ere surfa egin daitekeela, eta euskara elkar ezagutzeko tresna izan daitekeela» frogatu dute aparteko hitzordu honekin. Liher Geledan antolatzailea pozik azaldu da alde horretatik, «elkar ezagutzen ez zuten Iparraldeko eta Hegoaldeko surflari gaztetxoak goizetik ibili direlako, surf txanda ezberdinen artean hondartzan frisbee-arekin eta baloiarekin hondarretan jolasten».

Horretarako ere balio izan baitu txapelketak. Eta euskal kostalde guzitik iritsitako lehiakideak ez ezik, haien gurasoek ere girotu dute hondartza goiz eta arratsaldez. Izan ere, gazteak, oso  gazteak ziren surflariak. 8, 10, 12, 14 eta 16 urtez azpiko neska eta mutilen kategoriek osatzen zuten txapelketa. Eta lehiakide batzuk 3 urte zituztenetik egiten dute surfa. Horietariko bat, Ander Mendiluze donostiarra da, eta berekin hitz egiteko aukera izan dugu. Bera bezala, Donostiako hainbat parte-hartzaile hurbildu ziren, baina Miarritze, Hondarribia, Hendaia, Zarautz, Bidarte, Angelu eta Irungo surflariak topatu ditugu bertan, eta denek argi zuten «gutxienekoa emaitza» zela.

Ander Mendiluze donostiarrak 3 urte zituenetik egiten du surfa, lehiakide askok bezala, txiki-txikitatik.

Finaletan lapurtarrak nagusi

Hala ere, adinen arabera banatutako lehiak eta sailkapenek euskal surfaren harrobia osasuntsu dagoela erakutsi zuten. 16 urtez azpikoen kategoria izan zen koxkorrena. Bertan Nahia Calderon zarauztarra nagusitu zen, eta haren atzetik Ane Illarramendi (Zarautz), Kattalin Bilbao (Donostia) eta Eneritz Aizpurua (Donostia). Mutiletan, aldiz, etxean geratu zen lehen saria. Alai Rodriguezek irabazi baitzuen. Bere atzetik Ander Sotomayor (Donostia), Unai Lobato (Hendaia), Ander Mendiluze (Donostia) eta Eki Lara (Hondarribia) sailkatu ziren finalean. 

14 urtez azpikoen kategorian, nesketan, Nahia Calderon zarauztarrak irabazi zuen, eta haren atzetik Ana Cadot (Miarritze), Capucine Goñi (Bidarte) eta Kora Calderon (Zarautz) izan ziren finalean. Mutiletan, berriz, Clement Laderriere miarriztarra izan zen lehen sailkatua, eta ondoren, Kai Larrinaga (Zarautz), Joseba Espinosa (Donostia), Gabin Martinelli (Bidarte) eta Kai Epelde (Donostia). 

12 urtez azpikoetan, Alaia Garlouch donostiarrak irabazi zuen nesketan, eta beste hiru finalistak, Martina Aramburu (Donostia), Aia Inara Gomez (Donostia) eta Heloise Franchon (Miarritze) izan ziren bitartean, mutiletan Tom Degertek eraman zuen lehen saria. Bere atzetik bi hendaiar sailkatu ziren, Matei Arruabarrena eta Imanol Aizpuru. Eta azken biak Jon Amostegui (Zarautz) eta Eneko Mendiluze (Donostia). 

10 urtez azpikoen kasuan, aldiz, Lya Degert miarriztarrak eraman zuen lehen saria, eta laugarren sailkatu zen Mara Gorospe irundarra izan ezik, gainerako guztiak lapurtarrak izan ziren finalean. Bigarren sailkatua Alexine Goñi (Bidarte), Aitana Aizpuru hirugarren (Hendaia) eta bosgarren sailkatua, June Rocher (Bidart). Mutiletan ere Miarritzera joan zen lehen saria, Ellande Heraultek irabazita. Bigarren sailkatua Reel Butcher (Hossegor), eta haren atzetik Jessi Jou Bert (Hossegor), Tao Trespench (Miarritze) eta Luco Leblanc (Bidarte). 

Azkenik, 8 urtez azpikoen kategorian, nesketan Zoe Cadot miarriztarra nagusitu zen. Haren atzetik, Lena Gorospe (Donostia) eta Ava Huart (Bidarte), Alba Gorospe (Donostia) eta Khloe Larrinaga (Donostia). Mutiletan, txikienen mailan ere, Bidarteko Rapahel Schumacherrek irabazi zuen. Bigarren sailkatua Owen Bouquin (Miarritze) izan zen, eta haren ondotik, Pierre Louis Menetrier (Miarritze), Adur Gonzalez (Donostia) eta Beñat Elissalde (Angelu).