Txiki Txoko: «Haur guttiago jaiotzen da Hendaian orain, baina euskaraz eta ume bakoitzari kalitatezko denbora eskaintzen diogu berdin»

Aitziber Zapirain 2026ko urtarrilaren 13a

Hendaiako Txiki Txoko haurtzain etxea izan zen euskaraz zerbitzu ematen aitzindaria Ipar Euskal Herrian. 2013an sortu zenetik sortze-tasa nabarmen apaldu dela aitortu digute Kattalin Lekuona eta Idoia Arrondo hezitzaileek, baina 0-3 urteko 10 haur euskaraz murgiltzeko eskaintza atxikitzen dute. Hala ere, «ume bakoitzari kalitatezko denbora eskaintzeko» 8 haur baizik ez dituzte onartuko heldu den irailetik goiti. Lekua ezagutzeko bisitak onartzen dituzte, eta izena emateko epea zabalik dago Hendaiako herriko etxearen  Maison de la Petite Enfance gunean apirila arte.

Hendaiako Txiki Txoko haurtzain etxea izan zen euskarazko haurtzaindegi aitzindaria Ipar Euskal Herrian. 2013ko irailean zabaldu zituen ateak, eta elkartea sortu zuten horretarako Peio Urriza eta Jone Agirrek. Hastapenetik bertan haurtzain den Kattalin Lekuonak gogoratzen duenez, «euskarazko haurtzaindegi bat Hendaian behar zela pentsatuz sortu zen, Ipar Euskal Herrian ez zelako batere halakorik».

Frantziako estatuan zaintzaile profesionalek etxean nunu edo haurtzain gisa lan egin dezakete zenbait baldintza betez gero. Eta zenbait zaindari etxe batean elkartzeko aukera ematen duen egitura ere dagoela probestu zuten, Irandatzeko etxe batean Txiki Txoko sortzeko. Orduz geroztik, Iparraldeko hainbat herrietan sortu dira antzeko proiektuak. Ziburun, Donibane Lohizunen, Angelun, Miarritzen eta Baionan. Baina kostaldean ez ezik, barnealdean ere, Irulegin ideki berri dute azkena.

Kattalin Lekuona eta Idoia Arrondo, Txiki Txoko haurtzain etxeko hezitzaileak arro daude 12 urteotan proiektuak izandako garapenarekin. Izan ere, hainbat hendaiar belaunaldi hezi dituzte sortu zenetik, eta Konkolotx elkartea sortu zuten gerora, «elkarlana bilatuz, formakuntzak edota jostailuen trukea egiteko besteak beste». Hala ere, Ipar Euskal Herriko haurtzaindegi lekuen %5 besterik ez da euskaraz bermatzen gaur. Beraz, halako proiektuek berebiziko garrantzia dute euskararen transmisioan. 

Izan ere, haur-eskola, haurtzain etxe edo haurtzaindegi deitu, 0-3 urte bitarteko haurrei zuzendutako zerbitzu honetan familia euskaldunak ez ezik, denetarik jaso ohi dituzte. Idoia Arrondok dioenez, «Txiki Txoko irekia da deneri, gurasoekin behar den hizkuntzatan egiten dugu, baina haurrekin beti euskaraz, eta bi urterekin hasten dira hitz egiten, beraz, gero ikastolan jarraitzen badute haur horiek euskara badute jada».

Haatik, euskaraz zein frantsesez izan, gero eta haur gutxiago dago haurtzain baten beharretan. Jaiotze-tasa nabarmen apaldu da azken urteetan. Orokorra bada ere, haur gutxiago jaiotzeak agintariak hezkuntza sistema eta eskolak berrantolatzera behartzen ari dituen honetan, Txiki Txokon ere eragiten ari da. Txikia izanagatik ere, orain artean 10 ume onartu dituzte besterik ez. Aldiz, Jone Agirrek erretreta hartuko du aurki, eta irailetik goiti haur kopurua murriztuko dute lanean jarraitzen duten bi zaintzaileen artean egokitzeko. «Sortze-tasa asko apaldu da, haur guttiago jaiotzen da eta sumatzen dugu eskaera ere asko ttipitu dela», diote. Nolanahi ere, «euskaraz eta ume bakoitzari kalitatezko denbora eskaintzeko» 8 haur baizik ez dituzte onartuko heldu den irailetik goiti.

Hala ere, interesa duen orori haiengana hurbiltzera animatzen dute. Oraingo honetan izen-emate epea zabalik dute gainerako antzeko zentro gehienek bezala. Irandatzeko Bigarrena karrikaren 62. zenbakian dago Txiki Txoko, egokitutako 100 metro koadroko apartamentu batean. Apirila bitartean izena emateko epea zabalik izanen da, beraz, interesatutako gurasoek 0616 541 949 telefonora dei dezakete Txiki Txoko bisitatzeko eta zaintzaileak ezagutzeko. Eta ondoren haien seme-alaba bertan hastea nahi badute Hendaiako herriko etxera jo beharko dute, Irandatzen bertan, izen bereko karrikaren laugarrenean dagoen Maison de la Petite Enfance gunean eman beharko baitute izena. Hendaian herriko etxeak kudeatzen dituelako haurtzaindegi zerbitzuen lekuak.