Hendaiako Bixintxo bestak gaur abiatzen dira. Urtarrilaren 25a arte ospatuko dituzte, eta hitzordu nagusia urtarrilaren 24ko Danborrada izanen bada, bihar, larunbatarekin eginen dute Entsegu Nagusia herriko plazan, 19:00etan. Haatik, neguko besten lehen protagonistak haurrak eta herriko kirolariak izanen dira. Ostiral honetan, 17:45ean “Pellot eta Neskatxa”ren etorrera ospatuko dute urtero bezala. Eta herriko eskola bakoitzetik Pellot eta Neskatxa bana hautatzen badute herriko zazpi eskolen desfile taldeburu gisa, Hendaiako kortsariorik ospetsuena eta neskatxaren figura ordezkatuko duen eskola ofiziala aurten Hiri-Barneko eskolakoak izango dira.
Aiala Lekuona, Hendaiako herriko etxeko Kultura Zerbitzuko komunikazio arduradunak azaldu digunez, Kaneta Portutik Herriko Etxerako desfilea eginen dute, eta udaleko balkoian besta idekitzea egin aitzin, Tolosako 'Sur-prise Effect' ikusgarria izanen da Errepublika plazan (18:00etan). Bestak abiatuta, 19:00etan Gaztelu aretoan bi hitzordu antolatu dituzte aurten. Batetik, eskolartekoen patata tortila txapelketa. Eta bestetik, herriko etxeak 2025ean emaitza aipagarriak lortu dituzten herriko kirolariei harrera eta omenaldia egingo dute. Bertan 266 kirolari omenduko dituzte.
Urtarrilak 17, larunbatean, Denentzat Sozial Zentroak antolatutako Mus Txapelketa izanen da Gaztelu aretoan (14:00etan), eta arratsaldeko 18:15ean Haize-Hegoa elkartearen pintura erakusketaren aurkezpena egin ondotik, Danborradaren entsegu nagusia eta banderinen banaketa egingo dute 19:00etatik 20:00etara. Ondoren pintxo-potea proposatzen dute herriko plazan.
Igandean, berriz, hitzordu nagusia Rene Zugarramurdik zuzenduriko Hendaiako Orkestra Sinfonikoaren kontzertua izanen da, Bixintxo elizan, 17:00etan. Gogoan hartu behar da, hain justu, Zugarramurdik sortutako hainbat pieza baliatzen dituztela Hendaiako Danborradan. Ohikoa duten Hendaiako ereserkiaz harago, Subernoa bezalako piezak espresuki sortu zituen Danborradarako.

Danborrada urtarrilaren 24an ospatuko dute Hendaian, goiz eta arratsaldez. Eta 21:00etan "Bacano Banda" taldearen kontzertuarekin borobilduko dute egun handia, Gaztelu aretoan. Baina bigarren asteburuan ere, urtarrilaren 23an, Endaiarrak pilota elkarteak antolatutako Lau t'erdiko Binazkako A eta B Serietako partidak jasoko dituzte Daniel Ugarte pilotalekuan (20:45ean).
Bixintxo Bestak amaitzeko, urtarrilak 25ean, Mutxikoak izanen dira 11:30ean Gaztelu areto aitzineko zabalgunean. Eta 12:30etik goiti, "Zikiro" bazkari herrikoia antolatu dute (menua 25 eurotan), Kantu taldeak musikatua.
Herriko eskolartekoek 'Pellot eta Neskatxa' desfilea eginen dute Kanetatik herriko etxera, besten idekitzean.