Itinova osasun talde pribatuko langileak greba mugimenduan dira Frantzian, eta Hendaiako zentroa taldearen baitan den heinean, geldialdia eginen dute bihar. Hilabeteroko 100 euroko ordainsari gehigarri bat kendu nahi die langileei taldeak, eta horren aurka mobilizatzeko deia egin dute estatu mailan. Hala, bihar 55 minutuko geldialdia eginen dute Concha Berriko langileek, 13:00etatik 13:55era.
Bertzalde, langileek salatu dute langileen eta enpresaren arduradunen arteko urteroko nahitaezko negoziaketa etena dela, eta negoziazioa berriz hartzeko ere galdegiten dute. Langileek salatzen dute osasungintzako langileek "logika finantzarioak" gidaturiko erabakiak pairatzen dituztela, eta honek lan baldintzak kaltetzeaz gain artak ere okertzen dituela.
Itinova taldeak -irabazi asmorik gabeko elkartea da- 71 egoitza ditu, gehien bat Frantzia Hego-Ekialdean. 2014an berritu zen Hendaiako La Concha birgaitze zentroa, Concha Berri bilakatuz, eskaintza osoagoarekin. 2021ean hartu zuen egituraren ardura Itinovak, eta geriatria, adiktologia, zaintza paliatiboa eta hezkuntza terapeutikoa eskaintzen ditu.
Orotara, 50 ohe ditu denbora osoko zaintzan eta bertze hamahiru denbora partzialean. Hainbat kanpo kontsulta ere hartzen ditu, hala nola adikzioei ingurukoak eta ginekologiakoak.