Hauteskundeetarako zerrenda osoa eta asmo guztiak aurkeztu ditu Hendaia Biltzenek

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 15a

2020/2026 agintaldian Ezenarroren gobernuak eginiko 51 milioi euroko inbertsioen ondorioz, herriak pilatu duen 30 milioi euroko zorra kitatzeko dozena bat urte beharko direla aditzera eman du Laetitia Navarron hautagaiak. «Trantsiziozko agintaldi honetarako 16 milioi euroko inbestizamendu plan kontrolatua» aurkeztu du, etxebizitza, mugikortasuna, prekaritatearen aurkako borroka eta elikadura burujabetza ardatz hartuta. Ezurteak etorrita ere, taldea prest dago «ezker politikak egin eginez, herritarren dirua arduraz kudeatu eta inpostuak igo gabe egoera zuzentzeko».

Larunbatean Gaztelu aretoan egindako agerraldian, Laetitia Navarron hautagaiak «bideragarriak» diren proiektuak gauzatzeko, agintaldirako 16 milioi euroko «inbestizamendu plan kontrolatua» aurkeztu du. Izan ere, herriko etxeak amaitzera doan agintaldi honetan eginiko 51 milioi euroko inbestizamenduen ondotik, 30 milioi eurotik gorako zorpetzea du, eta dozena bat urte beharko ditu zorra kitatzeko. Zehazki, 11,4 urte beharko lituzke udalak egoera zuzentzeko. Navarronek azaldu duenez, «8 urteko zorpetzetik gora egoera kezkagarria da, eta 12 urtetik gorakoa oso larria». Eta ez bada oraino horretara heltzen dagoeneko, «funtzionamendu gastuak murriztu egin direlako da, eta beraz, hendaiarren eguneroko zerbitzuetan ondorioak ditu zorpetze horrek dagoeneko».

Herriko etxearen egoera ekonomikoa kontuan hartuta, lehentasunak markatu ditu Hendaia Biltzenek, betiere, ezker balioetan oinarrituta, eta helburu jakin batzuekin. «Prekaritatearen aurkako borroka, urte osorako etxebizitza eskubidea, bizi-kalitate lasai eta orekatua lortzea, gizarte loturak sendotzea eta belaunaldien arteko harremanak estutzea, gardentasun demokratikoa eta euskararen defentsa», zerrendatu ditu hautagaiak.

Inbestizamendu plan kontrolatua

Hori lortzeko, lehentasunak markatu eta kudeaketa zorrotz batekin hautatu behar izan dutela aitoru du Hendaia Biltzeneko bozeramaileak. «Proiektu handiak eta ederrak ditugu noski, baina egoera ekonomiko errealari egokitu behar gara», aditzera eman du. Alde horretatik, agintaldian zehar 2,5 milioi euro lur eraikigarriak erosteko, 2 milioi euro tokiko epizeria sozial eta solidarioa (2030 urtean), eta sukalde zentral baten egiteko (2031 urtean), Zopiteko futbol zelai sintetiko duin batekin berritzeko 800.000 euro (2028 urtean aurreikusia dute), edota urtero milioi euro bana bideratu nahi dute, «egoera okerrenetan diren herriko bideak konpontzeko».

Martxoaren 15 eta 22ko hauteskundeetarako zerrenda osoa Gaztelu aretoan aurkeztu du Hendaia Biltzenek.

Bestalde, lehentasunak etxebizitza eta jarduera ekonomikoa suspertzea dutela azpimarratu du Navarronek, baita berdeguneak ere. «Herria sobera artifizializatu denez, ahal bezainbat berdatzeko landaketak» egin nahi dituzte, eta eskola inguruak atondu. Horretarako 3 milioi euro aurreikusten dute agintaldian. Era berean, Agorretako hondakindegian argindarra sortzeko eguzki-panelak instalatu, eta zahar etxera joan aitzin, adinekoentzat trantsizioa bermatuko duten apartamentu sozialak egin nahi dituzte.

Aurrezteko beharra fiskalitate hunkitu gabe

Era berean, egoera ekonomikoa aintzat hartuta, herriko etxeak hitzartua duen Irandatzeko Haurren Etxea (Maison de la petite enfance) berritzeko 4,5 milioi euroko proiektua bertan behera utzi nahi du Hendaia Biltzenek. Navarronek argitu duenez, «itxaron-zerrendarik ez dagoelako, eta jaiotza-tasa apalak ez duelako datu demografikoetan halako inbertsio bat justifikatzen».

Hau guztia garatu nahi dute «udala gehiago zorpetu gabe eta dagoen zorra murriztuz». Eta aldi berean, hendaiarrei presio fiskala emendatu gabe. Laetitia Navarronek gogoratu du, 2026 honetan udal inpostuak %7,5 igotzea erabaki duela Kotte Ezenarroren gobernuak. «Adierazgarria da, egoera larria dela esan nahi du, bestenaz inork ez du agintaldiaren azken urtean horrelako erabaki bat hartzen», dio Hendaia Biltzeneko hautagaiak. 

HENDAIA BILTZEN - Hauteskunde-zerrenda osoa

  1. Laetitia Navarron
  2. Iker Elizalde
  3. Ceine Cotinat
  4. Paulo Arzelus Aramendi
  5. Claire Legardinier
  6. Jean Michel Garayar
  7. Ixa Eguiazabal
  8. Joseba Manterola
  9. Isabelle Iriarte
  10. Xabi Martiarena Garat
  11. Kristina Menta
  12. Frank Geledan
  13. Alazne Hadouelhadj
  14. Markotx Elustondo
  15. Itziar Varela
  16. Iñigo Louis Hurtado Lanza
  17. Aintzane Lasarte
  18. Mounir Ed-Debbar Kasbaoui
  19. Nathalie Pelage
  20. Remi Bernis Arruyer
  21. Pascale Pouyfaucon
  22. Paxkal Oxandabaratz
  23. Xantiana Cachenaut
  24. Xan Berasategi
  25. Gana Sallaberry-Molle
  26. James Taylor
  27. Oneka Jauregi Mikelarena
  28. Allende Prada
  29. Arantza Egiguren
  30. Aitzol Gil de San Vicente Pla
  31. Gurutze Arrondo Etxabe
  32. Oier Querendez Jaureguibeitia
  33. Marie Jose Lekuona Caubet
  34. Raymond Partie
  35. Lohitzune Txarola Gurrutxaga