Hendaiako bi guraso gazte 22 eta 15 urte kondenatu ditu Paueko epaitegiak alabaren heriotzagatik

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 16a

Effie, 2 hilabeteko alabaren heriotzaren erantzule egin ditu epaileak. Samuel Pereira, 24 urteko aitari 22 urteko kartzela zigorra ezarri dio Paueko Assize Auzitegiak, «borondatezko indarkeriagatik eta arriskuan zegoen adingabeari ez laguntzeagatik». Amari, aldiz, (Mairi Jauregui Ibarzabal, 21 urteko donostiarra) 15 urteko kartzela zigorra ezarri diote «haurrari janaria eta zaintza kentzeagatik, baina absolbitu egin dute indarkeriagatik. Haurra 2023ko urtarrilaren 18an hil zen Bordeleko ospitalean kolpeen ondorioz hematomak eta hezurren hausturak zituela, eta desnutrizioa pairatzen zuela frogatuta. 

24 eta 21 urteko bi guraso gazte kondenatu ditu Paueko epaitegiak haien 2 hilabeteko alabaren heriotzaren ondoren, hainbat zauri eta tratu txarren ondorioz. Effienek gaur egun 3 urte izango lituzke, jaio zenetik bizi izan zuen babesgabetasun egoeraren ondorioz, eta aitak eragindako lesioen ondorioz zendu zen Bordeleko ospitalean 2023ko urtarrilaren 18an. Bordeleko Pellegrin ospitaleko gizarte zerbitzuak abisua bidali zioten Baionako Herri Fiskaltzari, bi hilabeteko neskatila bat Baionako Larrialdi Zerbitzutik Bordeleko pediatria zerbitzura bideratu zutenean.

Effien haurraren egoera larria zen ospitalera iritsi zenean, eta bere egoera neurologikoagatik medikuek «haurraren heriotza luzatu ez zedin» tratamenduarekin ez jarraitzea erabaki zuten. Medikuek hematomak, hezurren hausturak eta elikadura eskasia egiaztatu zituzten. Eta horren ondorioz, polizia judizialak ikerketa hasi zuen.

Familiaren bizitokian, Hendaiako Behobiko bidean egindako miaketan, osasun egoera kaxkarretan zegoen 10 metro koadroko logela batean, baldintza prekarioetan bizi zirela argitu zuten. Zikinkeria, katuaren txiza mahai gainean eta animaliaren janaria bazterretan aurkitzeaz gain, marihuana belarra ere atzeman zuten. Ikertzaileek bikotea atxilotu egin zuten. Eta poliziak amaren telefono mugikorrean atzeman zituen argazkietan, aitak haurra kolpatu, ukabilarekin mehatxatu, eta masailak estutu ohi zituela baieztatu ahal izan zuten. Baita bi hilabeteko umeari ahoan kanabisa jarri izan ziotela ere. Aurpegiko hematomak, aldiz, txupetearen ondorioz eginak zirela deklaratu zuen amak. Bestalde, telefonoan bildutako mezuek agerian utzi zuten aitaren jokamolde biolentoa. Mezu bortitz anitz atzeman zituzten, adibidez: "putain ferme lui sa gueule, on l'a taquet entendu".

Hiru eguneko epaiketa

Otsailaren 11n epaitu zituzten, eta hiru eguneko entzunaldian ondorioztatu ahal izan da, bere bizitzako lehen egunetatik, behin eta berriz kolpatu eta astindu zutela. «Bizi izan duena jasanezina da, gizagabea», aditzera eman du defentsako abokatua Sandrine Lariek. Haurrentzako babes-elkarte bakar bat ere ez da epaiketan aurkeztu, eta abokatuak salatu du «inoiz bizi izan ez balitz bezala» bere sufrimendua jaio eta bi hilabetera amaitu zela. 

Epaileek aita erruduntzat jo dute borondatezko indarkeria egin izanagatik eta arriskuan zegoen adingabeari ez laguntzeagatik. Ama erruduntzat jo dute haur bati janaria eta zaintza kentzeagatik, baina absolbitu egin dute indarkeriagatik. Hala ere, epaileek nabarmendu dute, alabaren egoera kritikoa zela jakinik hil aurreko hiru egunetan, ez zutela ezer egin salbatzeko, elkarri leporatu baizik.

Caroline Parizele epaileordeak argitu duenez, ez dute arrazoi kliniko edo psikikorik justifikatu ahal izan gertatutakoa azaltzeko. Bistan denez, bi gurasoek gaztaro zaila izan zuten, bat 15 urte zituela gurasoen etxetik kanporatua izan baitzen, eta bestea depresioa jasan zuen eskola-jazarpen baten ondorioz. Baina ez da ezer haien seme-alabaren aurkako horrelako bortizkeria azaltzeko. «Gure gizartearentzat onartezinena den krimena egin dute. Ba al dago jaio berri dena baino ahulagoa den izaki bat?», leporatu die epaileak auzia jakinarazterakoan. Fiskaltzak 30 urteko kartzela zigorra galdegiten bazuen ere, azkenean Samuel Pereira, 24 urteko baionarrari, 22 urteko kartzela zigorra ezarri dio Paueko Assize Auzitegiak, borondatezko indarkeriagatik eta arriskuan zegoen adingabeari ez laguntzeagatik. Amari, aldiz, (Mairi Jauregui Ibarzabal, 21 urteko donostiarra) 15 urteko kartzela zigorra ezarri diote haurra janaria eta zaintza kentzeagatik, baina absolbitu egin dute indarkeriagatik.