Atzo, martxoaren lehenean, konpentsazio legeak hiru urte bete zituen. Horren harira, Aldak bi ekintza burutu ditu Hendaian eta Donibane Lohizunen; izan ere, azken hiru urteetan ezarritako baimenak bukatu egin dira, hiru urterako baitziren. Aldak baimen horiek zituztenei galdegin die mublatu turistiko horien alokairua eteteko.
Horren harira, Aldak mublatu turistikoen baimenen titularrei galdegin die alokairua eteteko. Elkartearen arabera, hainbat kasutan baimendutakoa baino askoz gehiago alokatu dute. Hori frogatzeko, Airbnb plataformatik ateratako datuak erakutsi dituzte: Hendaiako apartamentu baten kasuan, adibidez, jabeak legez baimendutakoa baino anitzez egun gehiagoz alokatu duela azaldu dute.
Aldak nabarmendu du bi herriak nahita hautatu dituela ekintzarako, Hendaia eta Donibane Lohitzuneko auzapezek konpentsazio legea arintzea galdegin dutelako. Hendaiako auzapez Kotte Ezenarrok, bere aldetik, bigarren etxebizitzen iruzurrak gehiegi direla adierazi du, eta hori lehenetsi beharreko auzia dela etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Aldak, ordea, ez du ikusmolde hori osorik partekatzen. Xebax Christy bozeramailearen arabera, bigarren etxebizitzen iruzurren kontra borrokatzea beharrezkoa bada ere, konpentsazio legea indartzen segitu behar da.
Ekintza honen bidez, Hendaiako eta Donibane Lohizuneko hautagaiak haiekin biltzera deitu dituzte, eta Herrian Bizi plataformak proposatutako neurriekin bat egitera galdegin dute. Azkenik, apartamentuen iragarkiak kendu arte, etxebizitza horiek okupatuko dituztela iragarri dute.