Egunak luzatzen hasi eta udaberria hurbiltzen hasi orduko, euskal kulturaz gozatzeko aukera loratu ohi da urtero Hendaian. Akelarre euskal kultur elkarteak Udaberriko Egitaraua aurkeztu berri du, eta apirilaren 26an, Beltzeniako Daniel Ugarte pilotalekuan 31. urtez Euskal Herriko pailazorik ospetsuenen urteroko bisitarekin borobilduko badute ere, asteazken honetatik aitzina egonen da zer gozatua Hendaian.
Asun Mikelarena eta Inko Manterola, Akelarre elkarteko kideek azaldu digutenez, Martxoak 8 Emazteen Eskubideen Egunaren karietara antolatu nahi izan dute lehenbiziko hitzordua. Euskal dantzari lotutako elkartea den heinean, Oier Araolaza dantzari eta antropologoa gonbidatu dute martxoaren 11n "Euskal dantza eta generoa" hitzaldia ematera, 19:00etan, Hendaiako Mediatekan. Mikelarenak azaldu duenez, "emakumeek, historian zehar, euskal dantzan izan duten lekua aztertuko du Oierrek, ondo aztertua baitu gaia, eta erroetara joaz, euskal dantzan gizon eta emakumezkoen dantzak zergatik dauden azalduko du". Hala ere, azken urteetan horrek izan duen eraldaketa ere aintzat hartuko du. Ate zabalik dela argitu dute, eta Hendaia Euskaraz programazioaren baitan bada, hitzaldia euskaraz izango da, baina frantseserako aldibereko itzulpena segurtatuko dute.
Elkartearen bigarren hitzordua, martxoaren 25ean Korrika ospatu ondotik iritsiko da. Martxoaren 26an, 19:30ean, Varietes zinema-gelan Jon Plazaolaren "AA Aita" umorezko bakarrizketa proposatzen dute. Inko Manterolak dioenez, "Ipar Euskal Herrian estreinaldia izanen da Hendaiakoa". Bistan denez, Akelarre elkarteak aspaldi zuen begiz jota ikusgarri hau antolatzea. Aurreko lanen arrakastaren ondoren, Plazaolak aitatasunak eman diona publikoarekin partekatzen du oraingoan, umorea eta komedia ardatz hartuta. Hala, publikoak barre egitea, eta eguneroko kezkak alde batera uztea espero dute. Akelarre elkarteak argitu dienez, sarrerak 10?tan eros daitezke akelarre.eus webgunearen bitartez.
Euskal dantza etxean eta atzerrian
Bestalde, iaz atseden txiki bat hartu ondoren, aurten euskal dantzak hartuko ditu berriz Hendaiako karrikak. Azken urteetan Dantzari Txiki Eguna bezalako topaketa handiak antolatu izan ditu Akelarrek herrian. Eskarmentua badu, eta "beste dantza taldeekin harremanak estutzeko gogoa ere", dio Mikelarenak, "Gipuzkoan eta Bortzirietan ohitura gehiago dute, baina Iparraldean ez da hain ohikoa, horregatik gustuko ditugu halako topaketak". Aurten, apirilaren 18an "Dantza Karrikan" ospatuko dute 6-15 urte arteko elkarteko 40 dantzariekin. Euskal Herriko haur dantza talde topaketa honetan Tolosako "Udaberri", Oñatiko "Oñatz" eta Urretxuko "Irrintzi" dantza taldeei harrera egingo diete Hendaian.
Hitzordu hau ospatu eta hurrengo astean, berriz, Akelarreko dantzariak izango dira bidaiatuko dutenak. Zehazki, Hendaiako herriarekin anaikidetua den Viana do Castello (Portugal) herrira joango da taldeko dantzari espedizio bat. Manterolak argitu duenez, joan den irailean hango dozena bat kide Hendaian hartu zituzten, eta "orain bisita itzultzeko ordua iritsi da, harremanak sortu eta euskal dantza ez dugula soilik Euskal Herrira mugatzen ikasiko dute gure dantzariek". Hortaz gain, dantzari koxkorrenak Pirinioetan lau urtean behin ospatzen den folk festibal batean parte hartuko dute abuztuan. "Akelarre izango da Euskal Herriaren ordezkaria han", nabarmendu du Asun Mikelarenak.
Ilusioak berrituz
Udaberria eta uda mugitua dute beraz Akelarreko lagunek. Eta programa borobiltzeko apirilaren 26an (11:00) Beltzenian, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren "Zerua lapurtu dute" ikusgarria antolatuko badute, oraindik goiz da iragartzeko, sartzeak apirilaren 1etik goiti jarriko baitituzte salgai.
Anartean, bestelako buruhauste bat dute Akelarreko kideek. Izan ere, joan de urtarrilean Askatasuna karrikaren 3. zenbakian 45 urtez erabili duten egoitza hustu behar izan zuten. Hiri barneko eraikinaren tximinia erori eta teilatua hondatu zen. Eraikinaren egonkortasuna zalantzan dagoela egiaztatu zuten azterketa teknikoek, eta egoitza uztera behartu dituzte. Euskal jantzi guztiak txukun gorde ahal izateko egoitza berri baten bila ari dira burubelarri, eta Herriko Etxeak lagunduko ote dituen esperoan daudela, mementoz, Hendaiako familia batek haien etxaldean gordetzeko aukera eskaini dielako eskertuak daude. "Pena handia izan da horrela atera behar izatea, 50 urte eta gero, egoitza historikoa genuelako", dio Manterolak, hala ere, euskal kultura Hendaian biziberritzeko gogorik ez zaie falta, eta 1974 urtean elkartea sortu zutenean egin bezala, lanean jarraitzeko gogobiziz dabiltza.
Asun Mikelarena, elkartearen hasierako sortzaileetako bat da, eta bere ustez, "zerbait ona ekar dezake egoitza berri bat bilatu behar izateak, taldea aktibatu, gogoa eta ilusio berriak sortu, eta hendaiar askoren begietara ere arreta piztu du egoitza itxi behar izateak, Akelarrek egiten duen lana ikusarazi duelako".