Hendaiako itsas ospitaleak erradiologia zerbitzua kanpoko pazienteei ireki die

Aimar Lopez 2026ko apirilaren 2a

Hendaiako itsas erietxeko Balea zentroan eginen dituzte ekografiak. APHP

Gaurtik landa, egunero izanen da erradiografiak egiteko aukera Pariseko erietxe publikoen Hendaiako zentroan, eta ekografiak astean bitan egiten ahalko dira.

Urte hastapenean Hendaiako erradiologia zentroa itxi ondotik, Herriko Etxeak APHP egiturarekin, Baionako erietxearekin eta ARS Akitaniako Osasun Agentziarekin negoziaketa hasi zuela iragarri zuen; horren ondorioz, erradiografia eta ekografiak egiteko aukera izanen da Hendaiako Itsas Erietxean.

Ekografien kasuan, asteazken eta ostiral goizetan izanen da tarteak erreserbatzeko aukera. Doctolib webgunean egin daiteke erreserba.

Erradiografiaren kasuan, aukera gehiago izanen dira, goizero, 9:15etik 12:15era izanen baitira tarteak, Doctoliben bidez kasu honetan ere.

Hendaiako Itsas Erietxeak zehaztu du bi guneak ahalmen urritukoentzat irisgarriak direla, eta aparkatzeko lekua badela erietxean bertan.