Akelarreko kide Inko Manterolak eta Asun Mikelarenak azaldu digutenez, iaz ez zuten antolatu datekin estu joan zirelako, eta ekainean egin zuten. Aurtengoan udaberriko programan txertatu ahal izan dute, eta 6 eta 14 urte bitarteko 150 bat dantzari elkartuko direla iragarri dute. Goizean Hiri-Barnean eta Hondartza auzoetako karriketan ibiliko dira dantzan, eta elkarrekin bazkaldu ondotik, arratsaldean ekitaldia egingo dute. Inko Manterolak dioenez, haur dantza taldearekin Urretxu, Tolosa eta Oñatira joan izan dira, eta oraingoan, «hango haurrak Hendaiara ekarraraztearekin benetako trukaketa bat emango da». Txikienentzat motibazio bat dela nabarmentzen dute, urte osoan euskal dantzan ikasten aritu ondoren.
Baina Euskal Herritik kanpora ere eramango dute euskal dantza hendaiarrek. Dantza Karrikan ospatu eta hurrengo astean, Hendaiako herriarekin anaikidetua edo binazkatua dagoen Viana do Castello (Portugal) herrira joango baita Akelarreko dantzarien espedizio bat. Hendaia bezala, mugako herria da, Portugalgo iparraldean kokatua baitago Galiziaren alboan. Bi herrien artean 815 kilometro daude. Baina bi udalerri hauen arteko harremana 1999 urtean senidetu zirenetik handia izan da, arlo instituzionalean ez ezik, elkarteen artean ere. 2019 urtean anaikidetzaren 20. urteurrena zela eta, Akelarre euskal kultur elkarteko dantza taldeak Portugalera bisita egin zuen ere. Eta joan den irailean, Viana do Castelloko Santa Marta de Portuzelo dantza taldeari harrera egin zioten Hendaian. Orain bisita itzuliko diete. «Garrantzitsua da gure dantzarientzat ikustea euskal dantza ez dela bakarrik Euskal Herrian agertzeko, eta kanpoan ere erakutsi dezaketela».
Bestalde, udaberriko programazioa borobiltzeko, apirilaren 26an (11:00) Beltzenian, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren "Zerua lapurtu dute" ikusgarria antolatu dute. Urteko hitzordu finkoa dute Hendaian, eta sarrerak www.akelarre.eus atarian eskura daitezke.