Etxebizitza beharrari erantzuteko, bizitoki hutsak begiz jota ditu Hendaiako herriko etxeak. Kotte Ezenarro auzapezak aditzera eman duenez, 2022an abiatu zuten estrategia indartzen duen “Agir contre le logement vacant” edota hutsik dauden etxebizitzen aurka jarduteko sarean sartu da Hendaia.
2016an sortu zen Frantziako estatu mailako sare hau. Kolektibitateen zerbitzura dago, herriko etxeei egokiak zaizkien tresnak eta esperimentazioak eskaintzeko, baliabideak mutualizatzeko, eta kideen beharrak identifikatzeko. Azken batean, sareak tresnak eta esperientziak partekatzeko aukera emango du, eta tokian tokiko politikak indartzea du xede, etxebizitza eskuragarriagoa izan dadin.
Laurent Tariol, Etxebizitzaz arduratzen den Hendaiako auzapezordeak azaldu du, herriko auzo guztietan etxebizitza hutsak identifikatzeko lan bat egin dutela azken urteetan. Eta 1.000 gutun igorri dizkietela etxebizitza hutsen jabeei. Izan ere, 2023ko urtarrilaren 1etik herriko prima bat plantan ezarri zuten “Etxebizitza hutsak betetzeko”, eta urte osoko alokairua bultzatzeko pizgarri.
Baina eskutitzen erantzunari dagokion emaitza, etxebizitza hutsen konplexutasunaren erakusle dira Tariolen arabera. Izan ere, udalak igorritako mila gutunetatik %30ak baizik (301) ez du erantzun. Horietatik 37 jabek adierazi dute haien etxebizitza ez dagoela hutsa, 6k besterik ez dute berretsi hutsak zirela. Hauetatik bi jabek aipatu dute, eraikina zaharberritzeko obretan zirela, berriz alokairuan jartzeko.