Iaz bezala, udaberriko lehen beroekin chikungunya, denge-sukarra eta zika-sukarra kutsatu dezakeen eltxo tigrearen presentziaz ohartarazi du Hendaiako herriko etxeak. Iaz ospitalean artatu behar izan zuten pertsona bat kutsatu zen horren ondorioz, eta bektore-eritasunaren prebentzio neurriak hartu dituzte dagoeneko, Akitania Berria eskualdeko ARS osasun agentziak aginduta.
Errutokiak prebenitzeko zepo-sareak jarri dituzte Hendaiako leku estrategikoetan, eta jadanik kolonizatuak diren eremuetan eltxo honen dentsitatea ebaluatzeko azterketak egiten hasi dira ere. Hartara, Hendaiako herriko etxeak errutoki zepoak ez ukitzeko eskatu du, eta eltxo tigrearen presentzia atzemanez gero, udal edota osasun agintariei jakinaraztea galdegin dute.
Era berean, etxeetako lorontzietan eta abereen ontzietan, edota beste edonon ur geldoak edo estankatuak ez edukitzea gomendatzen dute. Gune hezeak maite baititu eltxo tigreak ugaltzeko. Agintariek argitu dutenez, tigre eltxoak 150 metroko eremuan mugitzen da, beraz, bat topatuz gero hurbil dago bere errutokia.
Bortzirietan ere protokolo zehatzak
Nafarroako iparraldeko hainbat herri, hala nola Bera, Sunbila eta Baztan, bilakatu dira tigre-eltxoaren aurkako zaintza eta kontrol planaren epizentro ere. Aurtengo kanpaina martxotik abian dute, eta helburu argia du: espezie inbaditzaile honen presentzia monitorizatzea eta zabalkundea prebenitzea.
Berez, 2016an abiatutako NOPLOI planaren baitan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (ISPLN) zeresan handia du ekintza hauen koordinazioan. Herrietan arrautza-arrapalak eta tranpak jarri dira, eta bildutako datuen arabera, arrisku-mailak ezarri eta erantzun egokiak prestatzen dituzte urtero. Bortzirietako Bera herria izan da azken urteetan eltxo honen presentziarik handiena izan duen eremuetako bat. Izan ere, 2024ko kanpainan 775 ale identifikatu zituzten Nafarroan, eta horietatik gehienak Bera eta Bertizaranan jaso ziren. Horren ondorioz, iaz Bertizko parkean tratamendu entomologiko espezifiko bat aurrera eraman zuten udaberriaren hasieran.