Obesitatearen eta zahartzaro aktiboaren unitateak irekiko ditu Hendaiako Itsas Ospitaleak

Antxeta Irratia 2026ko maiatzaren 12a

Obesitatea duten pertsonentzat nutrizioa, jarduera fisikoa eta laguntza psikologikoa emango duen “Unité Basque Nutrition” izango da zerbitzu berrietako bat. Bestea, aldiz, 70 urtetik gorako adineko pertsonei zuzendutakoa izango da, autonomia hobetzeko arreta mediko eta fisikoa "Ariketan" izeneko unitatea. Aipatutako zerbitzu berriak maiatzean zehar jarriko dituzte martxan, eta Doctolib plataformaren bidez hitzorduak eskatzen ahalko dira.

Hendaiako Itsas Ospitaleak bi zerbitzu berri irekiko ditu egun dagoen osasun eskaintza indartzeko helburuarekin. Zerbitzu berrietako bat “Unité Basque Nutrition” izango da, gehiegizko pisua edo obesitatea duten pertsonentzat. Horretarako, nutrizioa, jarduera fisikoa eta laguntza psikologikoa uztartuko dituen programa pertsonalizatua abian jarriko dute.

Beste zerbitzu berria, 70 urtetik gorako pertsonei zuzendutakoa, “Ariketan” izeneko unitatea izango da. Claire Berriot Hendaiako Itsas Ospitaleko zuzendariordeak azaldu duenez, «adinekoen autonomia mantentzea eta etxean segurtasunez bizitzen laguntzeko helburua du, arreta mediko eta fisiko espezializatuaren bidez». Izan ere, eskualdeko biztanleriaren zahartzea areagotzen ari den honetan, «eritasun kronikoak dituzten adineko pertsonen kopurua» emendatzen ari dela dio.

Bi zerbitzu berri horiek gehituko zaizkie jadanik martxan diren beste eskaintzei: neurologiako eguneko ospitalea, kirol medikuntzako kontsultak, kirolarien kommozioentzako RESCO unitatea, edo erradiologia eta ekografia zerbitzuak, besteak beste. Berriotek argitu du, «bertako eskaerari erantzutea eta hurbileko zerbitzu ahalik eta osatuena eskaintzea» dela Itsas Ospitalearen helburu nagusia.

Aipatutako zerbitzu berriak maiatzean zehar jarriko dituzte martxan, eta Doctolib plataformaren bidez hitzorduak eskatzen ahalko dira.