Antzerkiaren Maiatza festibalaren motorrak berotuta, espektakulua hasteko prest da Hendaian

Antxeta Irratia 2026ko maiatzaren 19a

Joan den asteburuan 41. Antzerkiaren Maiatza festibalaren karietara, Chimeres antzerki taldeak Itsas Ospitaleko erabiltzaileekin elkarlanean sortutako obra taularatu zuten. Hiru emanaldi antolatu zituzten eta denak bete ziren. Baina aperitifa besterik ez da izan, maiatzaren 21etik 24ra arte eszenikoek hartuko baitute Hendaia, 25 konpainia eta kaleko 40 ikusgarri baino gehiago izango dira kitorik. 

Maiatzaren 21etik 24ra Antzerkiaren Maiatza festibalak 25 konpainia eta 40 ikusgarri baino gehiago proposatuko ditu Hendaiako kale eta plazetan urririk. Lau hamarkadako ibilbidea egin duen jaialdiak Euskal Herriko eta Frantziako goi mailako kale-antzerki, zirku, dantza eta musika performance ibiltariak jasotzen ditu urtero, «arte bizia eta herritarren parte-hartzea uztartuz». 

Datorrena, asteburu luzea izango dute Hendaian. Baina apirilaren 30az geroztik jaialdiaren bueltan antolatutako hainbat ekimenekin asetu dute arte eszenikoen egarria. Haien artean, Mendizolan kulturgunean festibalaren 40 urteko bilakaera kontatzen digun "40 urteko historia" erakusketa, maiatzaren 30era arte bisita daiteke.

1985ean sortu zenetik, arte bizia eta herritarren parte-hartzea uztartu ditu festibalak, Hendaiako kale eta plazak arte eszenikoen agertoki bilakatuz. Hasiera batean behartuta, Hendaian ez zelako antzerkia, zirku eta dantza emanaldietarako areto egokirik. Gorabeherak izan dituen festibala bada ere, azken urteetan Hendaiako herriko etxeko Kultura Zerbitzuarentzat urteko hitzordurik garrantzitsuena bilakatu da. Eta aurtengoan ere, sorkuntza berriak ez ezik, sorkuntzarako espazioak eskaini ditu jaialdiak.

Lau egunez, 25 konpainia eta 40 ikusgarri baino gehiago proposatuko dituzte, bereziki Hendaiako erdigunean (Gaztelu Zaharreko herrixkan), baina auzoetan ondo errotutako hitzordua ere bada. Dena dela, sorkuntzarako espazioen artean, bi urtean behin, Chimeres antzerki konpainiak Itsas Ospitalearekin elkarlanean sortzen duen obra dugu. Bertako erabiltzaile, eri eta elbarriekin batera sortu, eta haiekin batera taularatzen dute jaialdirako espresuki sortutako ikusgarria. Aurten "Finalement on est devenus trés précis" antzezlana sortu dute, eta maiatzaren 15etik 17ra hiru emanaldi proposatu dituzte jendaurrean aurkezteko. Hiruetan bete egin dute.

Asteburuan zirkulazio aldaketak erdigunean

Behin motorrak berotu dituztela, maiatzaren 21etik 24ra bitartean, 25 konpainien eskaintza jasoko dute Hendaiako kale eta plazetan. Horietariko asko euskal konpainien eskutik, eta hainbat estreinaldi izango dira. Mouka konpainiaren “Hasian hasi”, Gasteiztik etorritako Bitsa konpainiaren “Haritik tiraka”, Ziburuko Sukaar taldearen kontzertu tailerra, Bilboko Deabru Beltzak taldearen “Su Talka” ikusgarri musikal eta pirotekniko ibiltaria, Baionako Bilaka dantza konpainiaren “Dirau” ikusgarriaren estreinaldia, edota Hendaiako Rouge Elea konpainiaren azkena, “Lurruna” obra ere estreinatuko dute, besteak beste. 
 
Hendaiako Udalak aditzera eman duenez, festibalaren kaleko emanaldiak direla eta, aldi bateko aldaketa batzuk izango dira zirkulazioan, segurtasuna eta hiri-barnean iraganen diren ekitaldien martxa ona bermatzeko xedez. Argitu dutenez, maiatzaren 19tik 26ra Gaztelu Zahar aparkalekuan eta Gaztelu Zahar hostailbidean, aparkatzea eta zirkulazioa debekatuak egongo dira. Maiatzaren 21etik 26ra, aldiz, Gaztelu Zahar karrikan ere aparkatzea eta zirkulazioa debekatuko dute, De Gaulle Jenerala hiribidearen heineko bidegurutzea eta Gaztelu Zahar karrikaren 12. zk.aren artean. Era berean, noizbehinkako zirkulazio trabak gerta daitezke asteburu osoan zehar, ikusgarrien kokapenaren eta dinamikaren arabera. Gogoan hartu behar baita, zenbait ekitaldi ibiltariak izango direla.