Hendaiako CPIE-IEZI Euskal Itsasbazterra erakundeak zientziaren dibulgazioan eta herritar-zientzia egiteko Historia Naturalaren Museo Nazionalak proposatutako BIOLIT programa garatzen ari da. Eta horren baitan, Bidasoa eta Aturri ibaien estuario, hondartza eta kostaldeko hainbat habitat ezagutzara emateko bisitak antolatu ditu uda honetarako. Horien artean, Hendaiako Zokoburuko dunek gordetzen duten bioaniztasuna behatzeko irteera proposatzen dute uztailaren 8an, asteazkena, 9:30etik 12:00etara. Plazak mugatuak dira, eta haurrek kitorik parte har dezaketen bitartean, helduek aitzinetik izena eman behar dute hemen 6 eurotan.
Aditu baten eskutik dunetara bisita egingo dute, eta bertan bizi diren landare eta fauna espezie ezberdinak ezagutzeko aukera emango dute. CPIE-IEZIko misio-kargudunetako batekin, kostaldeko ekosistemen sekretuak, haitzetako espezieak identifikatzen ikasi eta itsasertzetan klima-aldaketaren eraginak hobeto ulertzeko ezinbesteko datu zientifikoen bilketa batean parte hartzeko aukera emango du.
Antolatzaileek iragarri dutenez, Hendaiako hondartza bazter horretan eta alboko barran bizi diren itsaskiak eta landareez harago, hegaztien habitat aparta da. Bertan hamar bat espezie ezberdin topa daitezke. Bereziki, buztanzuri arrunta (Oenanthe oenanthe), pitxartxar burubeltza (Saxicola rubicola), txoka arrunta (Acanthis cannabina), kardamirua (Carduelis carduelis) eta negu-txirta (Anthus pratensis). Baita antxeta mokogorria (Larus ridibundus), ubarroi edo kormoran handia (Phalacrocorax carbo) edota birigarroa (Turdus philomelos) ere.