Jon Frahier: «Betaurreko homologatuak saltzea lehentasunetan eman dugu, eguzkia ez da osoki estaliko eta eklipsea zuzenean begiratzean begiak zauritzen ahal dituzu»

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 21a

Hendaiako CPIE-IEZI Euskal Itsasbazterra erakundeak eguzki-sistemari buruzko erakusketa antolatu du Asporotsttipi Erlaitzaren interpretazio zentroan. Frantziako Zientzia Espazioaren eskutik, abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoa ulertzeko aukera ematen du erakusketak, eta fenomeno astronomikoa segurtasunez gozatzeko betaurreko homologatuen salmenta egingo dute egunotan. Eguzki-eklipsea partziala izango da ia Euskal Herri osoan, eta horrek are arriskutsuagoa egiten du zuzenean begiratzea.

Uda honetan emango den eguzki-eklipsea aparteko gertakari astronomikoa izanagatik ikusmin handia sortu du. Izan ere, 2183. urtera arte gure lurraldetik berriro ikusi ezingo den fenomeno bat gozatzeko aukera historikoa izango dugu heldu den abuztuaren 12an: eguzki-eklipse osoa. Ez da berdin ikusiko lurralde osoan. Kokapenaren arabera, eklipsea partziala edo osoa izango da, eta osotasunaren iraupena desberdina izango da ere.

Alde horretatik, Lapurdin, Gipuzkoan eta Bizkaiaren ipar-ekialdean partziala besterik ez da izango, eta Bilbotik hego- mendebaldera eklipse osoa izango bada ere, minutu bakar bat baino laburragoa izango da horren iraupena. Gasteiztik behera apur bat luzeagoa izango da. Baina Euskal Herrian sumatuko badugu ere, itzalaldia ez da erabatekoa izango. Eta horregatik, askok eremu egokiagoetara bidaiatzeko planak egin dituzte. Izan ere, adituen arabera Gaztela Leon izango da gune egoki hurbilena horretarako.

Hala ere, Hendaiako CPIE-IEZI Euskal Itsasbazterra erakundeak horren inguruko pedagogia egin nahi izan du uda honetan. Horretarako, Frantziako Zientzia Espazioak antolatutako Eguzki Sistemari buruzko erakusketa bat proposatzen dute Hendaiako Asporotsttipi Erlaitzako interpretazio zentroan. Abuztuaren 31a arte ikusgai egongo da, baina Jon Frahier CPIEko misio kardugunak azaldu digunez, eklipsea hobeto ulertu nahi duen orok egun hauetan aukera paregabea du. «Fenomeno astronomiko oso arraroa da, 25 urte guziz iragaiten dena, baina ezin da beti leku beretik ikusten ahal, ilargiak eguzki diskoaren azalera %99,5 estaliko du», argitu du. Hartara, edonork eguzki-sistemaren nozio orokorrak ulertzeko helburuarekin antolatutako erakusketa prestatu dute. 

Baina eguzki-sistemaren funtzionamendua ezagutzeaz gain, abuztuaren 12an eklipsea segurtasunez gozatzeko aukera eman nahi dute. Eta horretarako betaurreko homologatuak beharrezkoak dira. Horretan ere pentsatu dute Hendaiako Euskal Itsasbazterra erakundean, eta betaurreko bereziak salgai jarri dituzte Asporotsttipin egunotan. «Pentsatu dugu oso garrantzitsua zela ezinbestekoak diren betaurrekoen salmenta egitea, lehentasunetan eman dugu», dio Frahierrek, «kasik gaua egingo da, baina ez da eguzkia osoki estaliko, eta zinez arriskutsua da eklipsea zuzenean begiratzea, begiak zauritzen ahal dituzu», ohartarazi du.